Munduko Kopa 2014

Buelta eman dio

Galtzen hasi arren, bigarren zatiko bi minututan irauli du emaitza Boli Kostak, Japoniaren kaltetan.

Aitor Manterola Garate.
2014ko ekainaren 15a
05:22
Entzun

Boli Kostak beti izan du "talde ona" Munduko Kopara sailkatu izan den bakoitzean. Baina gero, talde itxurarik ez behintzat. Eta ezer egin gabe, etxera joan izan da. Brasilen dabilen selekzioko jokalari zerrenda hartzen bada, 'betikoak' daudela ikusten da. Hala izanik, zalantza nagusi bat dago taldearen inguruan: zerbait egingo al du azkenean "talde on" honek?


Aurreneko erantzuna gaur eman du. Egin dezake zerbait. Tira, gaur egin egin du. Hiru puntuak batu ditu, eta ezin hobeto ekin dio txapelketari. Emaitzari begiratzen bazaio bakarrik aurrera begira itxaropenak onak dira. Nola jokatu duen aztertzen bada, baikortasunari galdera ikur bat jarri behar.


Izan ere, partida eroa jokatu du. Gora eta behera, batere kontrolik gabea. Japoniaren jokatzeko erak baldintzatuta, akaso? Ikusi egin beharko da hurrengo partidetan, baina Boli Kosta honi ere ez ote zaion gehiegi gustatzen kontrolik gabe aritzea. Halakoxeak ditu jokalariak, baloia hartu eta segituan aurkariaren atera jotzen duten horietakoak, horretarako une, leku eta egoera egokia den kontuan eduki gabe. Gervinho, Kallou, Bony, Boka... Ez dira lasaitasunaren lagunak, ez.


Presaka bezala aritzeko joerari, kontrako emaitza irauli beharra gehitu zaio oraingoan. Japoniak sartu baitu lehen gola. 16. minutuan, alboko sake baten ondotik, selekzio horretako jokalari onenak, Hondak, zartako latza eman dio baloiari, bakarrik zela. Presak are gehiago bizkortu dizkio horrek Boli Kostari, eta partida joan-etorri zoroa bilakatu da. Baloia bi areatik gertu, barruan batzuetan, zelai-erdian gutxi ibili gabe.


Halako partidetan, kalitate tekniko onena duena nagusitzen da ia beti. Aukerak asmatzen badita behintzat. Eta Boli Kosta hobea da Japonia baino. Kosta zaie afrikarrei, baina sartu dituzte bi golak: minutu baten tartean sartu ere. 64. eta 65. minutuetan. Antzeko bi jokaldi izan dira: eskuin hegaletik erdiraketak eta burukada onak Bonyk eta Gervinhok (Japoniako atezainaren 'laguntzarekin'). Buelta eman dio Boli Kostak partidari, eta hortik aurrera arazo handirik gabe menderatu du partida, afrikarren berezko kontrolik ezak utzi duen neurrian behintzat.


Drogbak, taldeko izarrak, 28 minutu bakarrik jokatu ditu, eta azkenera, kontraerasoan, emaitza handitzeko aukerak izan dituzte berak eta taldekideek, baina ez dute aldatu. Aldatu dutena hau izan da: gai izan dira kontrako emaitza iraultzeko, ez dira hondoratu galtzen joanagatik, eta hobekuntza da aurreko txapelketetatik. Buelta emate hori, emaitzari eta egoera okerrari, horixe da albiste onena Boli Kostarentzat; jakina, hiru puntuekin batera.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.