Gogoratzen? Ia bi hilabete igaro dira Liga hasi zenetik. Hasierako hartan, gure taldeen inguruan beste kontu batzuk esaten ziren. Athleticek ez zuen piperrik balio, eta Marcelo Bielsa hutsaren hurrengoa zen; Reala eta Osasuna, aldiz, Europan sartzeko lehian ikusten zituzten askok. Orain, berriz, kontrakoa ari da gertatzen. Athleticek atzean utzi ditu Reala eta Osasuna, biei euskal derbiak irabaziz, gainera, eta iritziak aldatu egin dira. Gogoratzen zer idatzi nuen hasieran? Hasiera zela, goizegi ondorioak ateratzeko. Orain ere gauza bera: ez da hain goiz, baina ondorioak utzi bukaerarako. Hanka ez sartzeko bada ere.
Hutsei izena jarrita. Ligaren hasieran oso puntu gutxi batu zituen Athleticek. Golak sartzen hastearekin batera etorri zaizkio puntuak. Azken bi partidetan, derbietan, bost egin ditu, eta sei puntu batu. Hasieran, golak sartzeko aukera ugari sortzen zituen, baina asmatu, ia bat ere ez. Zigorra: puntu gutxi batzea. Horixe zuen huts handietako bat, eta bestea aurkariek aukera asko izaten zituztela. Jokatzen duen bezala jokatuta, harritzekoa ere ez da, ia-ia aurkariaren zelaian aritzen delako, edo aritu nahi izaten duelako. Herenegun Osasunak baliatu zituen zuloak, baina ez zuen asmatu golak sartzen. Gero Bielsak gogora ekarri zituen taldearen bi huts nagusiak: golak sartzeko arazoa, eta aurkariari aukera gehiegi emateko arriskua. Ona da hutsei izenak jartzea. Horrela, badaki zer landu behar duen hemendik aurrera ere. «Lan asko daukagu oraindik egiteko», bota zuen. Oraingo hobekuntzari beste koska bat gehiago jartzeko izango da. Bide onean da Athletic.
Errematatzaile asko. Bielsaren Athleticek berezitasun asko dauzka; horietako bat, jokalari asko sartzen direla aurkariaren area barruan errematearen bila. Galdetu Osasunako jokalariei, bestela. Hiru goletan, lauzpabost jokalari iritsi ziren areara, eta jakina, horrela askoz errazagoa da hegaletik datorren erdiraketa errematatzea. Lehen golak ederki erakusten du zein aberatsa den ugaritasun hori. Baloia bizpahiru aldiz gelditu zen bi taldeetako jokalarien artean. Azkenean, Muniainengana heldu zen, baina beste aldera joan balitz ere, han zegoen beste taldekide bat baloia jotzeko prest. Ni umea nintzela, entrenatzaileek hau esaten ziguten, araua bailitzan: «Errematera hiru jokalarik heldu behar dute: batek lehen zutoinera, bigarrenak penaltiaren lekura, eta hirugarrenak bigarren zutoinera». Arauak hausteko daude.
Mendilibarren esanak. Osasunaren partidaz, ezer gutxi idatz daiteke. Ez dago nabarmentzeko ezer, txarrerako ez bada. Horregatik, eta beste aukerarik ezean, Jose Luis Mendilibarrek igandean esanak ekarri behar gogora: «Osasunak eskerrak eman beharko lizkioke Athletici, diru asko eman baitio». Halako zerbait esan zuen, talde batetik bestera fitxatutako jokalarien harira. Zalaparta eragin dute hitzok Osasunako zaleen artean, ez baitute inolako asmorik Athletici eskerrak emateko. Bitxiak izan ziren adierazpenok. Nire buruari galdezka ibili nintzen entzun orduko: «Zer esan nahi izan du?»; «Zergatik?»; «Zer helbururekin bota ditu?». Erantzunik ez daukat. Esaterako bazekien bere zaleak haserretu egingo zitzaizkiola, eta beren gustuko entrenatzailea izanik, aldarte ona txar bihurtzeko arriskua piztu du. Orain barkamena eskatu du. Hobe izango da hitzok ahaztea. Azken batean, Mendilibarrek garbi hitz egiten du, eta pentsatzen duena esaten.
Jokorik ez, grinarik ez. Oso partida tristea jokatu zuen Realak Zaragozan. «Azken zazpi denboraldietako txarrena», esan zuen entrenatzaile batek irrati batean. Barregarri aritu zen, garbi esanda. Eta deskripzio horretan, jokoa eta grina sartzen ditut. Jokatu, ez zuen ezer jokatu, baina gerta daiteke, eta gertatzen dira halakoak. Realari, eta munduko beste edozein talderi. Larriena da grinarik gabe aritzea. Askotan idatzi izan dut hemen horixe dela guztiaren oinarria futbolean eta kirol guztietan. Eta Realeko jokalariek askotan egiten dute huts alor horretan. Partidak kezkatuta utzi ditu zaleak, eta orain idatzi behar dudanak ez ditu lasaituko. Reala ondo ezagutzen duen entrenatzaile batekin egon nintzen atzo, eta oso garbi esan zidan: «Jokalari hauek epelak dira, grina gutxi daukate. Aurreko bi denboraldietan Lasartek bereak eta bi egin zituen grina izan zezaten. Norbait behar dute alboan eskatzeko, berez ez daukate eta». Garaiz dago taldea zertan ari den jabetzeko. Baina gauza arraroak gertatzen ari dira. Zergatik?
Aulkitik begira
Buelta eman du
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu