Bueltan da Serena Williams

Estatubatuarrak bosgarrenez irabazi du Wimbledon, finalean Agnieszka Radwanska mendean hartuta

Julen Etxeberria.
Donostia
2012ko uztailaren 8a
00:00
Entzun
Kostatu zaio, baina lehengoa da berriro Serena Williams, eta atzo erakutsi zuen, Wimbledon torneoa bosgarren aldiz irabazita. Estatubatuarrak 1-6, 7-5 eta 2-6 hartu zuen mendean finalean Agnieszka Radwanska poloniarra. Bi urteren ostean, Williams ahizpetako gazteenak berriro eskuratu du Grand Slam torneo bat. Azkenekoa ere Londresko belarrean irabazi zuen, orain bi urte, Vera Zvonareva errusiarraren aurka. Orduz geroztik, haren kirol ibilbideak gehiago izan du txarretik onetik baino. Lesioek gupidarik gabe zigortu baitute, eta erretiroaren atarian jarri. Baina bueltan da, konfiantzaz, indartsu, bere garaipen zerrenda loditzen eta loditzen jarraitzeko prest. Hamalaugarren Grand Slam torneoa du atzokoa. 31 urte betetzear da.

Serenaren poza, Radwanskaren atsekabea. Poloniarrak ezin izan zuen titulua irabazi Grand Slam torneo bateko finala jokatzen zuen lehen aldian. Sasoiko egonda Serenari irabaztea zaila baldin bada, zer esanik ez osasunez gaizki egonda. Izan ere, Radwanska arnasa hartzeko arazoekin aritu zen atzo. Wimbledonen jokatutako partida gehienak euripean eta hotzez jokatu izanaren ondorioa zen. Hala ere, gorputzak utzi zion arte aurre egin zion Serenari. Lehen setean ezinean aritu ostean, bigarrena eskuratu zuen, eta hirugarrena behartu. Set erabakigarrian, ordea, Serena iritsiezin aritu zen berriz ere.

Radwanskak atzo irabazi izan balu, WTAko lehena izango litzateke bihartik aurrera —hirugarrena da gaur arte—. Baina ez da hala izango, eta bigarren postuarekin konformatu beharko du. Hala ere, poloniarrak berriro erakutsi du etorkizunean zeresana emango duen jokalari bat izango dela; 23 urte bakarrik ditu.

Federer eta Murray aurrez aurre

Gaur, berriz, Roger Federer eta Andy Murray ariko dira finalean. Suitzarrarentzat eta eskoziarrarentzat partida berezia da. Federerrek irabaziz gero, zazpigarren aldiz izango litzateke txapeldun Wimbledonen —Pete Sampras estatubatuarraren marka berdinduko luke—, eta bere hamazazpigarren Grand Slam eskuratuko luke —gehien irabazi duen tenislaria da—. Garaipenak, gainera, beste sari bat izango luke: ATP zerrendako lehen postua.

Baina Murrayk ere badu zerbait jokoan. Lehen Grand Slam irabaz dezake. Hiru aldiz iritsi da aurretik finalera torneo handi batean —bitan Australiako Irekian eta behin AEBetako Irekian—, baina hirutan eman behar izan du amore, bitan Federerren kontra. Beraz, gaur ere errebantxarako gogoz irtengo da pistara. Gertatzen dena gertatzen dela, Murrayk historia egin du jada, azken 74 urteetan ez baitzen etxeko tenislari bat iritsi finalera. Bunny Austin ingelesa izan zen azkenekoa, 1938an; Austinek galdu egin zuen. Beraz, bi urte gehiago egin behar da atzera azken txapeldun britainiarraren berri izateko: Fred Perry mitikoa izan zen. Perry hiru bider nagusitu zen All England klubeko belarrean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.