Australiako Sari Nagusia izango du abiapuntu asteburuan 2013ko 1 Formula denboraldiak. Lehen karrera igandean jokatuko da, baina gaur bertan hasiko dira talde guztiak lehen lan saioak egiten. Bihar eta etzi jokatuko dira lehen lan saioak, eta karrera igandean izango da. Denboraldi-aurreko Bartzelonako azken lan saioen ostean, prest da zirkua. 22 gidari izango dira aurten, 1etik 23ra zenbatuta —inork ez du 13 zenbakia jantziko—. Hamar talde lehiatuko dira.
Urtero bezala, Bugattiko bihurguneak, BERRIAren 1 Formulako kanalak, jarraipen berezia egingo dio denboraldiari. Iaz aritu ziren bi adituei, Laurentzi Garmendia eta Ander Lujanbiori, Ainhoa Begiristain gaineratuko zaie. Garmendiak urte asko daramatza BERRIArekin 1 Formularen berri ematen, paperean eta kanalean. Lujanbiok ere esperientzia handia du 1 Formulan.