Bartzelona. Valdes; Puyol, Mascherano, Pique (Alves, 25. min); Busquets, Xavi, Iniesta, Fabregas (Keita,. 73. min); Cuenca (Tello, 67. min), Alexis eta Messi.
Chelsea. Cech; Ivanovic, Cahill (Bosingwa, 11. min.), Terry, Cole; Meireles, Mikel, Lampard; Ramires, Mata (Kalou, 57. min) eta Drogba (Torres, 79. min.).
Golak. 1-0. Busquets (35. min.); 2-0. Iniesta (43. min. min.); 2-1. Ramires (45. min.); 2-2. Torres (90.min)
Epailea. Cuneyt Çakir. Txartel horia Bartzelonako Iniesta eta Messiri, eta Chelseako Obi Mikel, Meireles, Lampard de Cechi eta txartel gorria Chelseako Terryri (37. min).
Bestelakoak. 90.000 ikusle Bartzelonako Camp Nou estadioan.
Futbola, oraingoan, ez da justua izan Bartzelonarekin, eta bide batez irudimenarekin. Chelsearen joko sistema ezin itxiagoak merezi baino fruitu gehiago lortu du, eta bigarrenez jokatuko du Txapeldunen Ligako finala. Hiru aukera izan ditu finalerdietako bi partidetan, hiruak zatietako azken minutuetan eta hiruak sartu ditu. Beste guztia bere arean giltzapetuta pasa du. Lotsagabe. Uzkur. Pragmatikoak esango du: ez da polita, baina bai eraginkorra. Hala jokatuta, baina, estadioak ez lirateke beteko. Iluntasunak argiari irabazi dio kanporaketa, bukaera gabeko eklipse bat bezala.
Lehen zatian Bartzelonak Cechen atea setiatu zuen. Chelsea eroso zegoen, eta une askotan bederatzi jokalari, denak Drogba ezik, hogeita hamar metrotan sartu zituen. Pare bati langatik eskegitzea falta izan zitzaien. Aurrean, etxekoek pazientziaz jokatu zuten. Hasiera zalapartatsua izan zen, bi taldeek erdiko atzelari bana aldatu behar izan zutelako arazo fisikoengatik. Ikusgarria Valdes Bartzelonako atezainak Piqueri emaniko kolpea.
Minutuak pasa ahala Bartzelonak zirrikituak aurkitu zituen Di Matteok eraikitako harresian. Lehen aukera Messik izan zuen, area txikian jokaldi landu baten ondoren, baina Cechek hankarekin gelditu zuen. Ez ordea Busquetsena (35. min), Cuenca gazteak hegalean eginiko jokaldi ona baliatu zuenean. Golak Chelsea urduritu zuen, eta Terryk bere burua egotzi zuen Alexisi belaun kolpe argia eman zionean.
Jokalari bat gehiagorekin, eta aurkarien defentsa ugazaba gabe zegoela, Bartzelonak bigarrena egin zuen. Berriz ere jokaldi landua izan zen, eta Iniesta borreroa. Festa nagusi zen Nou Campen, baina Chelseak zaleak isilarazi zituen lehen zatiko azken minutuan. Joaneko partidan bezala. Jokaldi zehatza izan zen: Lamparden pasea Ramiresi, eta erdilariak, atzelariei bizkarra hartuz, gozo loratu zuen Valdesen gainetik. Atsedenaldian Chelsearena zen finalerako txartela.
Bigarren zatian aurrenekoaren joera areagotu zen. Chelseak lotsagabeago itxaron zion Bartzelonari, Drogba atzeko lerroan sartuta eta baloiari muzin eginda. Aurrelariarentzat ezohiko lana zen, eta penaltia egin zion Fabregasi (48. min). Messik bota zuen, baina Nou Campeko eliztiarren kutunak zutoinera bidali zuen baloia. Zantzu txarra zen.
Chelseak zortea alde zuen, Bartzelonak aukerak izaten jarraitu zuelako. Cechek eta zutoinek, baina, etxekoen ekina izoztu zuten. Messik berriz ere estadioa altxarazi zuen (82. min), baina bere jaurtiketak egurra aurkitu zuen bidean. Minutuek egin aurrera pazientzia urtzen joan zen, eta Bartzelonak zehaztasuna galdu zuen. Hala ere aukerak izan zituen (81. min), eta epaileak ez zuen ontzat eman Alexisen gola. Alvesek, erdiratzaileak, oso gutxigatik jokoz kanpo zirudien
Partidak, gainera, bukaera ankerra izan zuen. Bartzeona erasoan itsu-itsuan zegoenean, Chelseak baloi bat lapurtu eta Torres kontraerasoan irten zen. Buruz buru gelditu zen Valdesekin eta atezainari iskin eginez bigarrena sartu zuen (90. min). Patuaren adarjotze krudela zirudien. Txantxa astun bat iazko txapeldunari.
Bartzelona 2. Chelsea 2
Bukaera gabeko eklipse bat
Chelsea Txapeldunen Ligako finalerako sailkatu da, kanporaketa osoa bere atean sartuta pasatu duen arren
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu