Gola: 1-0: Velak (64. min.); 2-0: Pardok (64. min.) Epailea: Iglesias Villanueva. Txartel horia Realeko I. Martinezi, eta Sevillako Del Moral eta Trochowskiri. Bestelakoak: 19.000 ikuslek egin zioten aurre hotzari Anoetako harmailetan..
Anoetak zaleak hotzari aurre egiteak merezi egin zuela pentsatuz bildu ziren bart etxera. Emaitzaren gozatuaz haratago, ikusi berri zutenarekin oso gustura. Realak oso itxura ona eman zuen, eta Sevilla bainogehiago izan zen. Azken jardunaldietako irudi serioari jarraipena eman zion, Montanierren oinarriak taktikoak sendotzen ari direla erakutsiz. Valentzia, Bartzelona eta Sevilla bezalako talde handien aurka Realak bere burua aurkitu du. Montanierren formula martxan hasi da, atzeko lauko lerro segurua finkatu du, eta taldeak golik jasotzen ez duenean zelai erditik gorako talentuak distira egiten du.
Realak sailkapeneko erdi aldeko taldea dela erakutsi zion ligari. Hamaikagarren postuan ageri da taulan, eta ez da ilusioa, hori da bere tokia. Ligako burgesian dagoela esatea agian gehiegitxo da, baina jardunaldiak pasa hala konplexuak uxatu ditu. Helburua zuloa saihestea da, baina badu azken jardunaldietan ez sufritzeko adina joko.Talentua du, eta atzo Pardo gaztea izan zen nabarmendu zena. Eliztiar txuri-urdinei ikusi nahi zutena eman zien. Taldearen lemazaina izateko oposaketak egiten ari da, eta nota ona lortu zuen. Zentzua eman zion jokoari, eta gol bikaina sartu.
Partidak hasiera hotza izan zuen, grisa. Beldurrak eta orden taktikoak anbizioa irentsi zuen. Ruben Pardo izan zen baina, perfume tanta batekin, Anoetako zaleak lozorrotik esnatu zituena (12. min). Euskarri dotoreak pase luze bikaina eman zion Velari. Zelai erdiko marratik atzerago goxo eta loratuta bidali zuen baloia Sevillako atzelarien bizkarrera. Bizi sartu zen Vela atzetik, eta oso jarrera zailean boleaz astindu zuen baloia area barruan. Langako hotsak harmailak piztu zituen.
Realak serio jokatu zuen lehen zatian. Presio oso gogorra ez egin arren, Sevillaren joko sormena oztopatu zuen. Baloia erdiko atzelariek atera behar izan zuten. Aukera gehiago eta hobeak izan zituen, baina ez zituen baliatu.Zentzuz mugitu zuen baloia, eta jokoari abiada pixka bat eman zionean arriskua sortu zuen. Agirretxe zen paseen helburua, baina erdilariak ez zituen baliatu,
Lehen zatiko azken ordu laurdenean ordena desegiten joan zen, eta hutsuneekin Sevillak min egin zuen.Negredok bere taldearen joko emariak merezi baino aukera gehiago izan zituen. Aurrelariak buruz buruko lehia irabazi zien etxekoen erdiko atzelariei, Iñigo Martinez bereziki. Garbiena langaren gainetik joaniko burukada izan zen (31. min).
Aukera onena,halere, Realak izan zuen (36. min). Jokaldi on baten ondoren Carlos Martinezek erdiraketa oso itxia egin zuen eskuinetik, eta Sevillako atzelariek ez zuten aldendu. Velak errematatu zuen, atzetik sartuta bakarrik area txikian, baina baloiak Palopen gorpua jo zuen. Atezain beteranoak taldea salbatu zuen. Aukera horrek Anoetako zaleek atsedenaldian jandako otartekoa ozpindu zuen, Realak gehiago merezi izan baitzuen.
Golak, bigarren zatian
Sevillak oldarkor ekin zion bigarren zatiari, baina Realak baloia kenduz itzali zuen sua. Gora egin zuen, zentzuarekin, eta Velak bildu zuen jokoaren uzta (64. min). Prietok, eskuinetik eta eskuinez, goxo erdiratu zuen baloia. Aranburuk buruz borrokatu zuen, Sevillako atzelarien hutsa eraginez, eta aurrelari mexikarrak, bakar bakarrik bigarren zutoinean, ezker boleaz bidali zuen sareetara. Partidako hirugarren aukera garbian ez zuen kale egin.
Reala ez zen konformatu, eta lau minutu geroago jo zuen bigarren kolpea (68. min). Kontraeraso batean Velak atzerako pase ona eman zion Pardori. Etorkizuneko kutunak areaz kanpo eskuinez jo zuen Sevillako erdilarien tartean. Jaurtiketaren gakoa ez zen indarra izan, norabidea baizik.Gol bikaina, eta Sevilla jota utzi zuen. Aurkariek ez zuten irudi onik eman, pattalaritu ziren, eta Realaren ordenak ez zien utzi bururik altxatzen.
REALA 2. SEVILLA 0
Burgesia gertu dago
Realak partida oso ona jokatu du, une oro ekimena hartuz, eta sailkapenaren erdi aldera igo duten hiru puntu lortu dituPardo gazteak gol bikaina sartu du, eta taldearen lemazaina izan daitekeela erakutsi
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu