LAS PALMAS 2-0 Reala

Burua altxa ezinda

Denboraldiko partida eskasena jokatu du Realak Las Palmasen, eta merezita galdu du (2-0).

jon eskudero
2015eko azaroaren 6a
10:58
Entzun

Ezer ez eta festa. Hala dio esaerak. Baina festatik gutxi du Realaren egoerak. Oso gutxi ere. Gehiago du kezkatik. Izan ere, ezer egiteko gaitasunik ez du izan Las Palmasean zelaian. Ez kasta, ez joko, ez golik. Ez du deus erakutsi, eta ardura da nagusi. Emaitzak lagun izan ez arren, jakina zen orain arte sentsazioak ez zirela hain txarrak. Ordea, talde triste eta kezkagarriaren zantzu guztiak azaldu ditu. Las Palmas jaitsiera postuetan egonagatik, Realak ez dio sekula gain hartu, eta merezita galdu du. Hala, ito beharrean jarraitu beharko du.

Derrigorrean, David Moyesek aldaketak egin behar izan ditu hamaikakoan, eta hasieratik agerian geratu da ez duela asmatu. Carlos Martinez eta Choryren alde egin du Zaldua eta Zurutuzaren ordez, eta Reyes ere zelairatu du Mikelen kaltetan. Alferrik, ordea. Realak oso erakutsi du joko tristea lehen zati osoan. Hasieran joan-etorrian aritu dira bi taldeak, eta tentsioa igarri da. Galtzeko beldurraren tentsioa. Ideiarik eta freskotasunik ez dute azaldu. Akatsak nagusi izan dira alde batean zein bestean. Minutuak aurrera joan ahala, hori bai, Las Palmas erosoago sentitu da. Baloiaren jabe egin da, eta Realari minik egin ez arren, jokoan nagusi izan da.

Realak, bere aldetik, ezinean jarraitu du. Bi pase zuzen jarraian eman ezinda. Jokalariek garbi erakutsi dute ez dakitela zein den egin behar duten jokoa, eta oparia ez du alferrik galdu Las Palmasek. Jokaldi on bat jostea aski izan du 1-0ekoa egiteko. Choryk hegalean utzitako zuloa baliatuta, erdiraketa ona egin du Tanak, maisuki jokatu du Vicentek eta, amaieran, gola sartu du Jonathan Vierak, 28. minutuan. Etxekoek asmatu dute, baina Realeko defentsa lo egon da. Bigun. Tokitan geratu da denboraldi hasierako  sendotasun hura. Golaren ondorioz, gauzak ez dira aldatu jokoan, eta atsedenaldia heltzea zen Realari gerta zekioken gauzarik onena.

Bada, 1-0ekoarekin heldu a atsedena, eta kontuak aldatu asmoz, Bruma zelairatu du Moyesek Velaren ordez. Mexikarra arazoekin ibili da aldakan. Kanbio horrek energia gehixeago eman dio Realari; beraz, oraindik ere posible zuten txuri-urdinek emaitzari buelta ematea. Baina ez. Gauzak oker hastean, oker bukatzen omen. Eta Reala ondoen zegoenean 2-0ekoa egin du Las Palmasek. Ezerezetik, gainera. Baloi luze batean lo egon da Reyes, eta aukera ederki probestu du Araujok, 51. minutuan. Rullik ere zerbait gehiago egin zezakeen.
Moyes, kolokan?
Emaitza horrekin, kale edo bale egin beharra zeukan Realak, eta Moyesek zeukan guztia zelairatu du. Canales eta Pardo atera ditu. Alferrik. Hiruzpalau gol aukera izan dituzte donostiarrek, baina betiere goletik urrun ibili dira. Bigarren zatian joko hobea egin arren, kezkak ez dituzte uxatu.

Horregatik, galdera kalean darabilte Realeko zaleek: jarraituko al du Moyesek entrenatzaile karguan? Gaur arte baietz zirudien, baina jokoa hain tristea izan denez, batek daki. Orain bi asteko geldialdia dator, eta ondoren bi aurkari handi: Sevilla eta Bartzelona. Urak handitzen ari dira. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.