Burua altxatu eta lanerako garaia

Realeko hainbat zalek Montanierren dimisioa eskatu zuten, baina, jokalarien esanetan, ez dago zertan kezkatu

Zurutuza Realekoa, bi eskuak buruan dituela, Betisen aurka herenegun jokaturiko partidan, Anoetan. JON URBE / ARGAZKI PRESS.
jon eskudero
Donostia
2012ko apirilaren 12a
00:00
Entzun
Ez dago asko kezkatzeko motiborik, baina, era berean, badago. Kontraesana dirudi, baina ez da. Realak alde polita dauka jaitsiera postuekiko, eta, oraingoz, lasai egoteko moduan dago. Ordea, ez zaio komeni gehiegi erlaxatzea, ate-joka baitauzka behetik dauden etsaiak. Gainera, Montanierren taldeak ez zuen itxura ona eman herenegun Betisen aurkako partidan (1-1), eta Donostia aldean alarma gorria piztu da. 38 puntu dauzkate txuri-urdinek, eta bost jardunaldiren faltan arnasa lasai hartzeko puntuak eskuratu behar ditu. Beraz, burua altxatu eta lanerako garaia dute.

Zurrumurruak eta kritikak piztu ditu herenegungo norgehiagokak. Hainbat zalek Montanierren dimisioa eskatu zuten, eta horrek erreakzioak utzi ditu. Entrenatzaileak berak onartzen zituela aitortu zuen partida amaitu berritan, baina Imanol Agirretxek ez zuen halakorik esan atzo Zubietan, lan saioa amaitutakoan: «Txistu hotsak entzutean harrituta geratu nintzen. Arraroa iruditu zitzaidan, taldea nahiko ongi ari delako, baina errespetatzen dut zaleen erabakia, eta ez naiz eztabaida horretan sartuko».

Garbi mintzatu zen Usurbilgoa. Haren ustez, taldea ongi ari da lanean, eta azken hiru partidetan ez du porrotik jaso: «Lan saioetan ondo ari gara sentitzen. Betisen aurka ez zen izan gure egunik onena, baina irabazteko aukera eduki genuen, eta horri begiratu behar diogu».

Montanierren lanarekin gustura dagoela aitortu zuen Agirretxek. Antza denez, ez da zaleen kasua, askok frantziarraren dimisioa eskatu baitzuten. Hasieran apenas entzun zen txistu hotsik, baina Betisek berdinketa lortu orduko areagotu egin zen zalaparta, eta amaierarako nahiko handia izan zen. Entrenatzaileak egindako aldaketak ere ez zituzten begi onez hartu ikusleek. Xabi Prieto eta Aranburu zelairatu zituen Agirretxe eta Illarramendi ordezkatuz, eta taldeak sufritu egin zuen. Bien bitartean, Ifran eta Llorente berotze lanetan aritu ziren denbora guztian.

Iaz, 45 punturekin amaitu zuen sasoia Realak, Martin Lasarteren eskutik, eta, aurten, zenbaki horiek hobetzeko garaiz dago Montanier. Kontuak bide zuzenean jarri beharko ditu horretarako. Datorren igandean Malagara egingo dute bisita txuri-urdinek; alegia, ligako zelai gaiztoenetako batera. Agirretxeren esanetan, ez dira joango denbora-pasa: «Malaga denboraldi bikaina egiten ari da, baina aukerak izango ditugu, eta ziur gaude gutxienez puntu bat urratuko dugula». Malagak soilik hiru partida galdu ditu bere zelaian: Bartzelona, Real Madril eta Betisen aurka. Dena den, Realak badaki zer den Andaluziako taldea garaitzea, lehen itzulian 3-2 nagusitu baitzen.

Penaltien madarikazioa

Montanierren erabakiek ez ezik, Agirretxek penaltia huts egin izanak ere eman du zeresanik: «Nik beti hala jaurtitzen ditut penaltiak. Gaizki irten zitzaidan, eta kito, ez dago buelta gehiago eman beharrik». Lehen itzulian ere kale egin zuen Realak Betisen aurka botatako penaltian. Orduan, Griezmannek hartu zuen erantzukizuna.

Asier Illarramendi ere agertu zen atzo prentsa aretora, eta, haren esanetan, taldea txukun ari da: «Erregulartasuna falta zaigu, baina etxean norgehiagokak aurrera ateratzen ari gara, eta ez dut uste kezkatu beharrik daukagunik. Ahal bada, etxetik kanpo hobetu behar dugu. 38 puntu dauzkagu, eta partida on batekin helburua beteko dugu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.