ZARAGOZA 3. OSASUNA 1

Burua altxatu ezinik

Timorrek bere atean sartutako gol batek eta Raoul Loek bigarren zatian eginiko penalti inozo batek baldintzatu dute partidaZaragozak talde kaskar baten itxura eman du, baina Osasuna are kaskarrago aritu da

Iruñea
2012ko irailaren 23a
00:00
Entzun
Golak: 1-0: Helder Portigak (4. min.);1-1: Armenterosek (29. min.); 2-0: Timorrek bere atean (45. min.); 3-1: Apoñok penaltiz (71. min.). Epailea: Perez Lasa. Zaragozako Abraham eta Paredesi; eta Osasunako Armenterosi. Bestelakoak: 18.000 ikusle inguru Romaredan.

Atzo arte Liga hasi besterik ez dela egin eta lasai egon behar zela esaten zutenek gero eta arrazoi gutxiago dute lasaitasunari eusteko. Bost partidatan laugarren porrota bildu zuen atzo Osasunak, Romaredan, Ligako talderik kaskarrenetakoa den talde baten aurka: Zaragozaren aurka. Kemenik ez zuen erakutsi Osasunak, eta zorterik ere ez zuen izan, bere atean gol bat egiteaz gain penalti inozo bat ere oparitu baitzion Zaragozari. Hargatik, zorte txarra ez da aitzakia. Osasunak ez du aurkitzen aurkariei min egiteko biderik, eta, lehenbailehen suspertzen ez bada, arazotan sar daiteke Jose Luis Mendilibarren taldea.

Lo zelairatu zen Osasuna Romaredara, arratsaldeko laurak lo kuluxka bat egiteko futbolean aritzeko baino ordu hobea dela uste dutenei arrazoia emateko asmoz. Zaragozak ez zuen lo egiteko asmorik, ordea. Manolo Jimenezek zuzendutako jokalariak kementsu zelairatu ziren, gorritxoak baino askoz oldarkorrago, eta nafarren atzelariak ezustean harrapatu zituzten hasi eta berehala. Victor gaztea baloi luze batez jabetu zen buruz sakonean Helder Postigari emateko, eta aurrelari portugaldarrak ez zuen barkatu. Belarrondoko ederra hartu zuen Mendilibarren taldeak hasi orduko.

Beste ordu laurden bat behar izan zuten esnatzeko nafarrek. Cejudoren jokaldi on bat eta Timorren urruneko jaurtiketa baten ostean, Armenterosek berdintzea lortu zuen. Kontraerasoa bikain gidatu eta area ertzera iritsitakoan, eskuinez baloia dotore astindu zuen Osasunako aurrelari argentinarrak. Maldan gora jarritako partida orekatu, eta partidan sartua zen Osasuna berriz. Atsedenaldiaren aurretik, markagailuan aurretik jartzeko aukera zutela zirudien, gainera. Zaragozako jokalariak lur jota zeuden Armenterosen golaren ondotik. Cejudok huts egindako gol aukera dotore baten ostean, ordea, Zaragozaren bigarrena etorri zen. Lehen zatia amaitzear zela, Victorrek arriskurik gabeko erdiraketa egin zuen Osasunaren areara, eta Timorrek bere atera urrundu zuen baloia buruz, zorigaiztoko jokaldi batean. Gehiegizko zigorra jasota hartu zuten aldageletarako bidea nafarrek, beraz.

Bigarren zatian ere lehen zatian bezala irten zen Osasuna, Zaragozaren kemenari aurre egin ezinda. Hargatik, minutuak pasatu ahala, neurria hartu zion talde gorritxoak lehiari, eta Zaragozaren gabeziak ikusita, posible ikusi zuen Iruñera punturen batekin itzultzea. Lehen zatian Timorrek bere atean gol bat egitea nahikoa ez, eta bigarren zatian Raoul Loek penalti inozo bat egin zuen, ordea. 70. minutua zen, eta Apoñok ez zuen barkatu. Zaragozak ez zuen meritu handirik egin, baina irabaztea ziurtatu zuen. Eta horixe da kezkagarriena, akaso, Osasunarentzat: aurkaria Ligako talderik pattalenetako bat izanagatik, galdu egin zuela atzo ere.

«Aitzakiak amaitu dira»

«Aitzakiak amaitu dira; ordena falta ikaragarria izan dugu zelaian, nora ezean aritu gara askotan, eta horrela jarraitzerik ez dago. Izaera erakusteko ordua iritsi zaie jokalariei, eta hobeto lehiatu behar gara norgehiagoketan. Gaur, esaterako, lehiatzen jakin izan bagenu, irabazi egingo genukeen, Zaragoza baino hobeto jokatu baitugu denbora gehienean», esan zuen Mendilibarrek, partida amaieran. Zaldibartarra haserre zegoen, eta ez zuen horretarako arrazoi faltarik, ez. Gaizki hasi da Osasuna, eta lehenbailehen suspertu beharra du.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.