Burua altxatzeko aurkari txarrena

Azken postuetan dela, konfiantza falta handiarekin jokatuko du gaur Baionak Tolosa handiaren aurka

Gartzia Baionako jokalaria, joan den larunbatean, Qovu Racing Metrokoarekin lehian; 18-25 galdu zuten lapurtarrek. NICOLAS MOLLO.
Eneritz Zabaleta.
Baiona
2012ko irailaren 21a
00:00
Entzun
Jota dago Baiona. Burumakur, iragan sasoiko mamuak inguruan dituela. Top 14a hasi besterik ez da egin, baina kezka da nagusi Lapurdiko hiriburuan. Bost partidatik lau galdu dituzte baionarrek , eta jaitsiera postuak puntu bakarrera dituzte. Testuinguru horretan, Top 14ko txapelduna eta Heineken kopa gehien irabazi duen aurkaria izango dute gaur parean: Tolosa (20:50, Fr. Canal+).

Zuzendaritzak lasaitasun mezua helarazi nahi izan du asteotan, baina argi dago Racingen aurkako porrotak min egin duela (18-25): «Kolpe handia izan da. Baina ez dugu ikaratu behar», dio Julien Puricelli hirugarren lerroak. Christian Lanta Baionako entrenatzaileak haserre erantzun zuen krisiari buruz galdetuta: «Diskoa aldatu beharko duzue kazetariek. Hamabost egunean behin krisia ikusten duzue. Nahiago dut soseguz hartu eta lasaitasuna bilatu».

Christophe Deylaud eta Lanta bera udan iritsi ziren Aturri eta Errobi bazterrera, eta haien jokoa plantan ezartzeko denbora eskean dabiltza. Baina tentsioa nabari da zaleengan. Alain Aflelou presidenteak onartu du Baiona ez dagoela unerik onenean: «Dagoeneko lau aldiz galdu dugu. Atsekabetuta nago, etsita». Emaitzek baino gehiago, taldearen itxurak eragin du kezka: «Jokalariak elkarrekin nola jokatu asmatu ezinda dabiltza. Konfiantza falta handia nabari da», dio Lantak. Jokalariek pisua sentitzen dute; urduri eta beldurti daude: «Beti duda-mudatan gaude. Tolosari irabazteko ezinhobeto jokatu beharko dugu», erantsi du Guillaume Bernad hirugarren lerroak.

Garbiketa urte bukaeran?

Urteak dira Baionak jokorik ez duela. Presioak irentsita-edo, beti erdi suertez irabazten ditu partidak, defentsan jardutera mugatuz, eta aspertzen hasita daude zaleak. Joan zen astean, epaileak sekulakoak entzun zituen, Jean Daugerren gutxitan entzun dira halakoak. Baina larriagoak dira jokalari batzuei botatakoak. Horrelakorik ez zen gertatu inoiz.

Ingurua lasaitzeko asmoz, Alain Aflelouren presidenteordeak, Philippe Ruggierik, neurriak hartuko dituela iragarri du: «Top 14ko entrenatzaile onenak ditugu. Hiru urterako ekarri ditugu, eta bukaerara arte haiekin egonen gara. Baina hiru jokalaritik bati kontratua bukatuko zaio sasoi bukaeran. Taldea goitik behera berritzen ahalko dugu». Mezua argia da: hurrengo sasoian lana ukaten segi nahi duenak bere maila hobetzen hasi beharko du, Tolosaren aurkako partidatik hasita.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.