Caja Laboral Baskonia. Prigioni (6), Oleson (5), Nemanja Bjelica (5), Teletovic (10), Lampe (20) —hasierako bostekoa—; Ribas (6), Heurtel, Milko Bjelica (14) eta San Emeterio.
Real Madril. Llull (4), Suarez (3), Singler (8), Velickovic (22), Tomic (7) —hasierako bostekoa—; Sergio Rodriguez (15), Carroll (8), Pocius, Reyes (2), Mirotic (7) eta Begic.
Markagailua. 26-21, 38-35 (atsedenaldian); 52-57 eta 66-76.
Epaileak. Arteaga, Hierrezuelo eta Conde. Baskoniako Nemanja Bjelica kanporatu zuten (39. min.).
Bestelakoak. 15.219 ikusle Buesa Arena pabiloian.
Beste partida. Valentzia-Bartzelona (gaur, 20:45, ETBK). 1-2 doa aurretik Bartzelona.
Akabo ez, baina ia-ia. Real Madrilek dena du alde. Ia ezinezko zuen norgehiagokari buelta eman zion modu sinestezinean, eta finalaurrekoa berdindu du. Ezinezko, 25. minutuan 46-35 zelako aurretik Baskonia. 15 minutu, eustea zen gakoa, tenple pixka bat eta ordura arte egindako joko ona errepikatzea. Baina burua galdu zuen, eta zaila da zergati sinesgarri bat ematea. Errazena, Real Madrilek jaurtitzen zuen guztia saskiratzen hasi zela, eta Baskoniaren iturria erabat itxi zela. Proportzio aritmetiko bat erabiliz, Real Madril hazi egin zen bere eraso guztietan uzta biltzen zuela ikusita, eta Baskonia, aldiz, zulo sakonenean hondoratu, egiten zuen oro alferrikakoa zelako.
Real Madrilek 6-27ko partziala lortu zuen zazpi minututan, eta 46-35 markagailua 52-67 bilakatu zuen. Sergio Rodriguezek eta Novica Velickovicek sei hiruko saskiratu zituzten akatsik gabe, bata bestearen atzetik. Meritua, bi jokalariena, oso onak direlako, eta ezin zaielako bakarrik jaurtitzen utzi. Errua, eta handia, Baskoniarena, bakar-bakarrik jaurti zutelako, eta finalerdi batean, ez dago jokalari txarrik. Real Madrilek jostailu hauskorra balitz bezala txikitu egin zuen Baskonia. Kolpeari kolpea. Puntuak erasoan, horma gaindiezina defentsan, eta horrelakoetan buruak lan handia egiten du.
Ernegatuta, argitasuna galdu zuen Prigionik, eta itzali egin zen erabat Baskonia. Pazientzia galdu zuen, eta zentzurik ez zuten hiruko azkarrak egin. Beldurtzeko modukoa izan zen bigarren zatiko estatistika, hirukoetan, Baskoniari dagokionez: 12 ahalegin eta denak kale! Ulertzen zaila, ezta? Bikoetan ere erraztzat jotzen diren saskiratze asko kale egin zituen Baskoniak, saskipean, batez ere Teletovicek eta San Emeteriok, eta hortik ere ihes egin zuen finalak.
Partidak bukatzeko ezina ere nabaria da. Kanporaketan sarritan ikusi da Baskoniak zailtasunak dituela, eta atzo ere bai. 11 puntuko errenta bikaina bota zuen pikutara Gasteizko taldeak hirugarren laurdenean, baina lehen zatian ere bederatzi puntuko zuloa ireki zuten arabarrek: 38-29. Eta orduan ere, gainera etorri zen Real Madril, aldageletara 38-35 joateko. Lasaitasuna, tenplea, pazientzia, fedea... dohain horiek derrigorrezkoak dira beti, baina are gehiago markagailua aurretik zaudenean.
Zerutik infernura
Baskoniak partidako lehen 25 minutuak ikusi eta barneratzen saiatu behar du biharko, oso eraginkor aritu zelako. Lampek 16 puntu saskiratu zituen, eta ezin hobe moldatu zen Prigionirekin blokeoa eta jarraipenean. Milko Bjelicak ere mina egin zuen, Real Madrilek laguntzak egiteari uko egin ziolako, eta 10 puntu saskiratu. Olesonek Carroll estu lotu zuen berriz, eta dena zihoan ondo. Bikoen %90 lortu zuen Baskoniak lehen laurdenean, eta %63 atsedenean, oso portzentaje ona.
Eta halere, hiru puntuko uzta eskasa. Erasoan sei errebote oparitu zituelako eta Miroticek min handia egin zielako defentsan ustel samarrak diren Nemanja Bjelica eta Teletovicek. Hegalekoak zazpi puntu saskiratu zituen, eta bere taldea partida mantendu. Bitartean, Nocioni, aulkian, amorratuta, lesioak hobera egin arren ez dagoelako jokatzeko moduan.
Baskonia indarrean bueltatu zen aldageletatik, 0-6ko partziala jaso arren, eta 8-0ko partzialarekin erantzun zuen. Eta orduan erauntsia. Erauntsi zuria. Baskonia izaeraren arrastorik ez inondik, eta kantxaren bestaldean, aldiz, harrotasun eta kemen keinuak. Mirari bat behar du orain Baskoniak, dena kontra baitu. Eskatzeko baimenarekin, Teletovicek lema hartzea eskatuko genuke, berekoikeria oro alboratzea. Finala badator, berari esker izango baita neurri handi batean.
Saskibaloia. ACB ligako finalerdiak. Caja Laboral Baskonia 66. Real Madril 76
Burua galdu dute
Bosgarren lehia jokatzera behartu du Real Madrilek, hilda egon arren; 46-35 irabazten ari zen Baskonia, eta 6-27ko partziala jaso duLehen 25 minutuetan ia dena egin du ondo, baina gero patxada eta partida galdu ditu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu