EIBAR LEHEN MAILAN

Burua galdu gabe

Eibarrek azken urteetako kudeaketari eutsiko dio Lehen Mailan. Aurrekontua ez du puztuko, eta mailaz igo den jokalari multzoa mantentzen saiatuko da, betiere kapitala handitzen badu. Bideoa: Ipurua festa giroan. [berriatb]http://www.berria.info/berriatb/2122/[/berriatb]

Ezkerretara, EIbarreko jokalariak, mailaz igo zirela jakin zutenean. RAUL BOGAJO / ARGAZKI PRESS
Imanol Magro Eizmendi.
2014ko maiatzaren 27a
08:29
Entzun

Loriak ez du Eibar aldatuko. Kolpetik argi eta fokuen erdian egoteak ez dio filosofiari eragingo. Bigarren Mailako talde xumeena zena are txikiagoa izango da Lehen Mailan. Txiki, baina duin, aurrekontu murritza izango baitu. Lehen kalkuluen arabera, bederatzi milioi euro inguruko aurrekontua izango du, telebistako diru sarreren igoerari esker. Kirol mailan Gaizka Garitanok jarraitzea da lehentasuna, eta ahalik eta jokalari gehienek. Dena, baina, kapitala handitzearen menpe dago; bi hilabete falta dira epea bukatzeko, eta %40an dago. Baina sinetsita daude mailaz igotzeak diru bilketa erraztuko duela.

«Eibarrek ez du burua galduko; badaki nondik datorren eta non dagoen». Esaldia Fran Garagarza taldeko kirol zuzendariarena da. Ospakizunen biharamunean eginiko analisia da. «Orain hasten da erabakiak hartzeko garaia, baina erokeriarik ez dugu egingo». Futbolean erokeria handiak egiteko dirua behar da, eta Eibarrek ere ez du izango halakorik egiteko aukerarik. Oraingoz ez du presarik; bi jardunaldi falta dira liga bukatzeko, eta Lehen Maila abuztuaren 17an edo 24an hasiko da.

Aurrekontua hirukoiztu egingo du: sasoi honetako hiru milioi euroetatik bederatzira igoko da. Sasoi honetan, Elxek eta Rayok izan dituzte Lehen Mailako aurrekonturik txikienak, 12 milioi eurorekin; Osasunak hogei izan ditu; Realak, 32, eta Athleticek, 36. Telebistako diru sarrerak handitzeak puztu du aurrekontua. Sasoi honetan bi milioi euro jaso ditu, eta zortzi inguru espero dituzte hurrengorako. Gastuak ere handiagoak dira. Bigarren Mailako gutxieneko soldata 60.000 euro da urtean; Lehen Mailan, berriz, 120.000. Hogeita bost jokalariko talde batean, hiru milioi euro behar dira soldatetan. Horri zergak gehitu behar zaizkio; beraz, beste behin, lehen taldea osatzea izango da gasturik handiena. Bukatu berri den sasoian, %70,57 izan zen.

Lehen Mailak mugitzen duen zirkuak taldea kolpetik astinduko du. Dena den, Ipuruan argi dute mailaz igotzea opari bat dela. Sasoi honetan, Eibarrek milioi bat euro pasatxo bildu du diru iturri propioekin, eta logikoa litzateke publizitateko diru sarrerak handitzea, baina ez biderkatzea. Abonamendu kopurua ere igoko da; egun 3.500 ditu, eta taldeak abonamendu berriak egiteko aukera itxi du. Eibarreko harpidedunek urte naturalean ordaintzen dute, abendutik abendura; beraz, Bigarren Mailan harpidetu direnek Lehen Mailako ia lehen itzuli osoa ikusi ahal izan dute. Abonamenduek 250 euro inguru balio dute helduentzat, eta antzeko kasu batzuetan, talde bat Lehen Mailara igo denean, estra bat ordaindu izan da.

Ipurua Bigarren Mailako estadio txikiena zen (5.200 ikusle), eta Eibar hiririk txikiena (27.000 biztanle, eta Lehen Mailan estatus hori mantenduko du. Ohiko galdera da ea Ipuruak Lehen Mailan jokatzeko gutxieneko baldintzak betetzen dituen. Printzipioz ez, baina taldean horrek ez du ardurarik sortzen. LFPren arautegiko 4. liburuko 19. artikuluak dio Lehen Mailan lehiatzeko estadioak 15.000 ikuslekoa behar duela gutxienez, eta 6.000koa Bigarren Mailan. Ipuruak 5.120 eserleku ditu, eta Bigarren Mailan lehiatzen utzi diote. Talde barnean, baina, lasai daude horrekin, eta ziurtzat jotzen dute ligak salbuespena onartuko duela. Duela gutxi, Javier Tebas LFPko presidenteak esan zuen Eibar igoko balitz talde «estrategikoa» litzatekeela.

Lehenbizi, Garitano

Kirol arloa ere prestatzen hasteko garaia da. Lehenbizi argitu beharrekoa Gaizka Garitanok jarraituko duen ala ez da. Iragan sasoian urte baterako berritu zuen, eta eskaintza gehiago dituela zabaldu da. Logikoena jarraitzea litzateke; halere, Patxi Ferreira bigarren entrenatzaileak ez du zalantza argitu. «Normalena jarraitzea litzateke. Guri ez digute ezer esan, baina, tira, orain taldeari buru hitz egiteko garaia da banakako egoerez bainoago».

Jokalariei dagokienez, askok taldea utziko dute. Jota Peleteiro, Jose Morales, Gilvan Gomes eta Yuri Berchiche utzita daude, eta kontratua indarrean dute. Alain Eizmendi eta Dani Garcia ere utzita daude, baina kontratua ekainean bukatuko zaie. Garciak BERRIAri esan zion «Eibarrekin Lehen Mailan jokatu nahi dut», baina ikusteko dago jarraituko duen ala ez, eskaintza asko baititu. Berchiche Realera itzuliko da.

Kontratua bukatzen dutenen artean, besteak beste, Raul Navas, Mikel Arruabarrena, Txema Añibarro, Diego Rivas, Urko Vera, Matias Ibañez, Diego Jimenez, Eneko Boveda eta Lillo daude. Hurrengo egunetan mugimendu asko egongo da Ipuruako bulegoetan. «Hurrengo sasoiko taldeak oraingoaren antz handia izango du», aurreratu du Garagarzak.

Kontratua dutenak Gorka Kijera, Jon Errasti, Ander Capa, Xabi Irureta, David Mainz eta Raul Albentosa dira. Ferreirak fedea du haiengan. «Bigarren B Mailatik Bigarren Mailarako jauzia handiagoa izango zela uste genuen. Zergatik ez dira, bada, Lehen Mailara egokituko?». Fitxatzeko garaian azken urteetako ildoari jarraituko dio, eta ez da faltako utzitako jokalaririk. Garagarzak aurreratu du lehen aukera Realaren atea jotzea izango dela. «Harreman oso ona dago bi taldeen artean, eta hilabetean behin biltzen gara. Eskertzekoa da Realak duen jarrera». Athleticek ere litekeena norbait uztea. Ruiz de Galarreta da Ipuruako zaleek ikusi nahiko lituzketen izenetako bat.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.