Burua hotz izan behar

Castrok Urdaibairi zazpi segundoko aldea kendu dio Zarauzko Estropaden lehen jardunaldian, lan ederra egin eta gero

Aitor Manterola Garate.
2008ko abuztuaren 17a
00:00
Entzun
Castroko arraunlariak Zarauzko Estropada irabazteko aukera asko dituztela pentsatuta oheratuko ziren atzo. Gaur goizean, bart gauean baino urduritasun gehiago izango dute ziurrenik. Atzo tarte polita zena gaur ez zaie hain handia irudituko, eta burua lanean ipiniko dute. Nahikoa izango al dira atzo Urdaibairi kendutako zazpi segundoak? Galdera horrekin ibiliko dira bueltaka estropada hasi aurretik, eta buruari asko eragiten badiote, kalterako izango da. Estropada jokoan dela ere, kezka hori baztertu egin beharko dute; bestela, atzoko lan ederra kareletik botatzeko arriskua izango dute. Juan Mari Etxabe entrenatzaileak buruaren kontuari erreparatu zion atzoko lanak bukatuta: «Gaur [atzo] burua hotz dugula aritu gara arraunean, eta bihar [gaur] gauza bera egiten badugu, garaipena gurea izango da». Burua hotz izatea da, hortaz, garrantzitsuena. Horretan saiatuko dira Castrokoak.

Gaur bandera irabazteko aurkari arriskutsuena izango duen Urdaibaik ere burua hotz eduki behar izan zuen atzo. Castrok bigarren luzean hartu zuen burua, eta tartea handituz joan zen pixkanaka. Bermeotarrek bederatzi segundoko atzerapena ere izan zuten azken luzean, baina burua galtzeko une larri horietan, bere lanari eutsi zioten, eta horri esker, zazpi segundo atzetik sartu ziren. Ez da tarte laburra, baina aurten traineru onenak edukitzen ari diren gorabeherak ikusita, nork esan dezake gaur ez dela sailkapena irauliko?

Azkeneko txanda horretan jardun zuten beste bi ontziak, San Pedro eta Orio, pattal aritu ziren. Baina kolpe handiena oriotarrek hartu zuten, ez baitira gaurko ohorezko txandan ariko. Ondo ekin zioten lanari; estropadaren buruan ere egin zuten lehen luzea, baina hortik aurrera, ezina nagusitu zitzaien. Azkenean, San Pedrok aurrea hartu zien, oso ondo aritu ez bazen ere.

Pedreña, atzoko ezustea

Oriotarren hutsa baliatu zuena Pedreña izan zen, hura jardungo baita gaurko ohorezko txandan, Castro, Urdaibai eta San Pedrorekin batera. Sekulako lana egin zuten bigarren txandan; batez ere, barruranzko luzeetan. Zarautzi zortzi segundoko aldea kendu zion bukaeran, nahiz eta etxekoak bi aurretik izan lehen ziabogan. Bigarren egin zuten urdinek, eta ohorezko txandan sartzeko helburua ez zuten lortu. Gaur, bigarrenean ariko dira, Hondarribia, Tiran eta Oriorekin batera. Hiru gipuzkoarren arteko lehia ederra izan daiteke.

Hondarribiarrek aise irabazi zuten lehen txanda, eta azkenean, aurrea hartu diote San Miguel ligako sailkapenean Cabo da Cruzi. Galiziarrak lehen txandan aterako dira gaur, Zumaia, Arkote eta Laredorekin.



ZARAUZKO ESTROPADAK

Ordua. 12:00etan (ETB1).

Lehen txanda. Zumaia,Cabo da Cruz, Arkote eta Laredo.

Bigarren txanda. Orio,Zarautz, Hondarribia eta Tiran.

Hirugarren txanda. Castro,Urdaibai, Pedreña eta San Pedro.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.