Sekulako haize freskoa izanen da guretzat». Patrice Lagisquet Miarritzeko kirol zuzendariak motz bezain garbi laburbildu du nola ikusten duen Lapurdiko kostaldeko taldeak Heineken koparen hasiera. Porrotak, ezinak, zalantzak... Top14ko lehen bederatzi jardunaldiak sufrikarioa izan dira Lapurdiko taldearentzat, eta Agilerako kluba sailkapeneko azken postura eraman duen denboraldi hasiera beltz hori ahanzteko zer hobe beste lehiaketa bat hastea baino.
Sasoi honetan ere, eta 11. aldiz jarraian, Miarritze Heineken kopan ariko da, taldeen arteko Europako lehiaketa nagusian. Oroitzapen onak utzi dizkie lehiaketa horrek miarriztarrei, eta, horregatik, lehiari ekiteko gogoz dira. «Txapelketa hau arrunt espiritu ezberdinean jokatzen da. Eroso aritzen gara Heineken kopan, eta irrikan gaude lan ona egiteko», azpimarratu du Miarritzeko kirol zuzendariak.
Miarritze talde klasikoa da Heineken kopan. Bitan jokatu du finala (2006an eta 2010ean), eta beste horrenbestetan aritu da finalerdietan (2004an eta 2005ean). Oroitzapen on horiei heldu nahi diete berriz miarriztarrek garaipenaren bidera itzultzeko. «Espero dugu Top14an ezagutu ditugun zailtasunak gibelean uzteko balioko digula Heineken kopak. Beldurrik gabe aritu nahi dugu, presiorik gabe. Lehiaketa honetan ondo aritzeak konfiantza hartzeko balioko digu».
Zeelanda Berrian jokatu berri den Munduko Kopak anitz baldintzatu du lapurtarren denboraldi hastapena, eta Agilera aldean aldaketa ekarriko duen pindarraren zain daude. Joan zen astean Baionaren aurkako derbia gibelatu ondoren (hilaren 29an jokatuko da), Munduko Kopan aritu ziren jokalariek ezin izan zuten haien estreina egin. Gaur, ordea, zelaian izanen dira. «Taldearen bi herena aldatuko da. Sekulako aldaketa da hori», azpimarratu du Lagisquetek.
Amildegiaren bazterrean dagoenak parean duen adar zatiari heltzen dion bezala, Miarritzek itxaropen handia ezarri du Heineken kopan. Orain bi urte gertatutakoa denen buruan dago oraino. Orduan ere gaizki hasi zuen sasoia Miarritzek. Sailkapeneko azken postuetan zegoen Heineken kopa hasi zuenean. Europan, baina, sekulako ibilbidea egin zuen, eta finalera iritsi zen [19-21 galdu zuen Tolosaren aurka, Parisen]. Europako lehiaketan egindako ibilbide on horrek Top14ko bidea zuzentzeko balio izan zion, eta azkeneko jardunaldian hurrengo denboraldian berriz ere Heineken kopan aritzeko txartela eskuratu zuen, liga seigarren postuan bukatuta.
Miarritze aldean, noski, denek nahi dute orain bi urtekoa errepika dadila. «Lehia gogorra da Heineken kopa, baina animo bereziarekin ekiten diogu. Denboraldiaren bigarren abiatze bat da, eta freskotasun handiarekin hartuko dugu», dio Imanol Hariñordoki Miarritzeko kapitainak. Garaztarrak, hain zuzen ere, lehen partida jokatuko du xuri-gorriekin Zeelanda Berritik itzuli zenetik.
Saracens eta Ospreys faborito
Europako lehia nagusiak errazetik deusik ez du, eta Miarritzeri oso multzo bihurria egokitu zaio. Lapurtarren arerio izanen diren hiru taldeen artean oreka da nagusi. Italiako Benettonek ahulago iduri dezake, baina azkeneko bi urteetan beti lortu du bi partida irabaztea Heineken kopako ligaxkan, Perpinyaren aurka, adibidez.
Italiarrekiko errespetu guztiarekin, hala ere, miarriztarren arerio nagusiak Galesko Ospreys eta Ingalaterrako Saracens izanen dira. Ingelesek oso talde indartsua osatu dute, eta ligako txapeldunak dira. Londresko taldea faboritoa izanen da, Hariñordokiren ustez. «Orain arte egin dutena ikusita, gu baino talde hobea dela erran daiteke. Oso zaila izanen da haiei irabaztea».
Denboraldi honetako ekitaldiak, gainera, bitxikeria bat izanen du, Saracensen eta Miarritzeren arteko partida Hegoafrikan jokatuko baita, Lapurdiko kostatik 14.000 kilometrora. Saracenseko jabeak hegoafrikarrak dira, eta haien herrialdean jokatuko den norgehiagokarekin haien taldea eta Europako errugbia hobeto ezagutarazi nahi dituzte.
Baina bidaia handietan pentsatu baino lehen lehiaketa ongi hasi beharko dute lapurtarrek. Gaur Galesen partida zaila izanen dute, Ospreysen aurka. Orain bi urte Neath eta Swanseako talde hori izan zuen aurkari Miarritzek Heineken kopako final-laurdenetan. Oso partida biziaren ondotik Miarritzek estu-estu irabazi zuen Anoetan (29-28). Galesko selekzioak azkenaldian egindako bide bikainari jarraikiz, Ospreysek ordaina eman nahiko dio Miarritzeri.
Lehen partidatik oso norgehiagoka zaila izanen du Miarritzek, galestarren etxean irabaztea beti baita zaila. Baina hurrengo astean are partida garrantzitsuagoa izanen du, etxean Saracensen aurka. Heineken kopan dagoen lehiakortasuna ikusiz, bi partida horien ondotik dena galdua izan dezake Miarritzek. Lehen postuan sailkatzea ezinbestekoa da final-laurdenak jokatzeko, eta bi aurkari zuzenen aurka hasita oso lan zaila izanen du Agilerako hamabostekoak.
Zailtasuna gogoan izanik ere, itxaropenez hartu nahi du gaurko partida Miarritzek. «Ez daukagu deus galtzeko. Partida handiak dira, eta emaitzaren presiorik gabe hasiko gara. Horrek jokalariak lasaitzen ditu, eta arriskuak hartzera bultzatzen. Preseski, arriskuak hartu behar dira horrelako partidak irabazteko», azaldu du Lagisquetek. Top14ko eguneroko beltza ahantzi, eta Heineken kopan buru-belarri sartu nahi du Miarritzek. Alferrikako presiorik gabe eta esku frenoa kenduta jokatu nahi du Europako lehiaketa nagusian. Ez da modu txarra bolada txarra eten, irabazten hasi eta konfiantza berreskuratzeko.
OSPREYS-MIARRITZE
Lehiaketa. Heineken kopako ligaxkako bosgarren multzoko lehen jardunaldia.
Ospreys. Duncan Jones, Bennett, Adam Jones; Alun Wyn Jones (kapitaina), Evans; Stowers, Tipuric, Thomas; Fotualli, Biggar; Williams, Beck, Bishop, Bowe; eta Fussell.
Miarritze. Barcella, August, Marconnet; Thion, Erik Lund; Guyot, Hariñordoki (kapitaina), Lakafia; Yachvili, Peyrelongue; Balshaw, Traille, Bosch, Ngwenya; eta Haylett-Petty.
Epailea. Andrew Small (Ingalaterra).
Lekua. Swanseako Liberty estadioa (20.500 ikusle).
Ordua. 16:40.
Multzoko beste partida. Saracens-Benetton Treviso (bihar, 16:00etan).
Errugbia. Heineken kopa: Ospreys-Miarritze
Burua lasaitu nahi du
Miarritzek gaur hasiko du Heineken kopa, Galesen, Ospreysen aurka. Top14an duen egoera zaila ahanztea du helburu Lapurdiko kostaldeko taldeak.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu