Hasi da pilotarekin, eta jokatzeko irrikan dago, baina ez du presarik. Ezkerreko eskumuturrekoa Abel Barriolaren (Leitza, 1978) ibilbideko laugarren lesio larria da, baina bera beti da baikorra. «Zorte txarra izan dut lesioekin, baina baita ona ere, beti ondo atera naizelako». Umoreko dago. Halere, ez du ahaztu binakako finaletik kanpo utzi zutela astebeteko atzerapena onartu ez ziotelako, eta enpresak egun haietan nola jokatu zuen kritikatu du.
Zer moduz doa indarberritze lana?
Oso pozik nago. Hasieratik dena normal joan da: ebakuntza, indarberritzea... Astero hobekuntza sumatu dut. Hasieratik dena ondo joan da, medikuarekin lehenbizi, gero prestatzailearekin, eta orain, dagoeneko, pilotaleku lana egiten ari naiz.
Normaltasuna nabarmendu duzu, agian belauneko ebakuntzaren ondoren arazo asko izan zenituelako.
Inori ez zaio gustatzen ebakuntza egin behar izatea, eta kirolariok Urteberri egunean egiten dugun desioa minik ez hartzea da. Azken urteetan lesioekin zorte txarra izan dut, baina baita ona ere, beti ondo irten naizelako, eta, kasu honetan, lesioa ia gainditua dut. Aurrekoa esperientzia txarra izan zen, infekzioak hankaz gora jarri zuelako errekuperazioa, baina hura pasatu nuen; eta azken honetan hautsitako hezurrak lotailura arazorik gabe itsatsi dituzte. Jende askori diot asko eskertzeko.
Ebakuntza zen konponbide bakarra? Aurreko esperientzia txarrarekin, ez zen erabaki erraza izango.
Aurreko lesioaren ondoren berriz ere goi mailara iritsi, lau t'erdiko finala jokatu, binakako finalerako sailkatu, eta berriz ere ebakuntza egin behar zidatela ikusteak zer pentsatua eman zidan. Zorionez, halako kolpeetatik nahiko bizkor irteten naiz. Gainera, ez zegoen beste irtenbiderik; binakakoa hasi zenetik nenbilen arazoarekin, eta otsailean ikusi nuen lotailuak hautsita zeudela. Pilotan jarrai nezakeen. Gainera, gauzak ondo zihoazen, baina ikusten nuen ebakuntza egin gabe handik hilabete batzuetara artrosia irten zitekeela. Beraz, konponbide bakarra zen.
Ebakuntza prebentiboa zen?
Jarrai nezakeen jokatzen, baina azken asteetan ez nuen entrenamendurik egiten minaren erruz, eta hori kantxan nabaritzen zen. Banekien epe labur batean jarrai nezakeela, eta epe hori binakakoa zen, edo, asko jota, buruz burukoa bukatu arte. Pilota jotzean bi hezurrek talka egiten zuten eta hori konpondu beharra zegoen artrosia agertu aurretik.
Pilotarekin hasia zara dagoeneko.
Uztail hasieran hasi nintzen. Igeltsua kendu eta indarberritze lana egin nuen ekainean, eta eskua indartzearekin bat pilota ukitzen hasi nintzen, sanferminen aurretik. Astetik astera hobekuntza nabaritu dut, eta egun bostetik bostera jotzen dut pilota.
Noizko itzulera? Leitzako jaietan [abuztuaren 15ean] itzuliko zinela zabaldu zen.
Leitzakoa entzun nuen, baina nik ez nuen esan. Medikuak irail erdialdera edo urri hasiera esan zidan, eta, gauzak ondo doazenez, nire itxaropena irailean itzultzea da. Baina tira, prozesu hauekin ezin da inoiz ezer aurreratu. Nire helburua lau t'erdikorako sasoi betean egotea da, eta, horretarako, partida batzuk beharko nituzke aurretik.
Zorte txarra izan duzu azken urtean.
Egia da lesioen aldetik azken urteetan ez dudala zorterik izan. Bolada bat egon zen ia final guztietara iristen nintzela, eta orduan belaunekoa gertatu zen. Ondo errekuperatu nintzen, bi finaletarako sailkatu, eta orduan, eskumuturra. Horrek esan nahi du halako kolpeetatik altxatzeko gai naizela; alde ona ere badu.
Debutatu aurretik, zazpi hilabete egin zenituen geldirik eskuko minez; geroago, 2005ean, esku ahurra ireki zizuten; duela bi urte, belauneko lotailuak; orain, eskumuturra… Lehenengoz min hartu zenuenetik, zertan aldatu zara?
Erabaki erraza haserretzea eta errudunak bilatzea da, baina ez dago errudunik. Gauzak hala datoz, eta gauzei aurre egiten ikasten da. Gauza onak eta txarrak zure erabakien ondorio direla ikasi dut; dena da pilotaren eragina.
Ilusioa ere mintzen dute lesioek?
Momentuan beti izaten da kolpea. Niretzat, bakoitzak duen borondatearen araberakoa da. Niri gehien gustatzen zaidana pilotan jokatzea da, eta nire borondatea da pilotan jokatzeko dudan guztia ematea, eta bidean datozen lesio eta gauza guztiei aurre egiten diezu. Azken finean zure afizio nagusia da pilota, barrutik irteten zaizu, ondo sentiarazten zaituen zerbait da… Eta, tira, gauzak okertzen direnean ez dira une errazak. Begira, burua ondo izanez gero, gorputzak edozein tokira jarraitzen dio, eta urteetan gora egin arren, burua fresko dut eta ilusio handia egiten dit. Pilotari gazte baten ilusio dut, eta ilusioa hor dagoen bitartean, gorputzak lesioei aurre egingo die eta nik esaten diodan tokira joango da.
Lesio larriek zure ibilbideko ia hiru urte zor dizkizute.
Egia da [barrez]. Pena handiena belaunekoak eman zidan, nire ibilbideko unerik onena zelako, baina nik beti pentsatzen dut unerik onenak beti etortzeko daudela. Ez diot bueltarik eman horri. Lesioak ere pasatzen dira, guk nahi badugu, eta hau beste esperientzia bat da.
Ilusioa gazte duzu, baina gorputza? Orbain asko dira.
Fisikoki oso ondo nago, abiaduraz ere bai, kolpez eskuinarekin ondo… Fisikoki ez dut beherakadarik sumatu; duela hiru urte bezala nago.
Binakako finaleko haserrea pasatual zaizu? [Ez zioten onartu eskaturiko aste bakarreko atzerapena].
Denbora pasatu ahala, gauzak lasaitasun handiagoz ikusten dira, baina horrek ez du esan nahi ahaztu edo pasatzen zaizunik. Arantza hori barruan sartuta dago, eta espero dut etorkizunean motibazio iturri izateko balio izatea. Esperientzia oso desatsegina izan zen, eta espero dut etorkizunean sekula ez errepikatzea.
Gihar bikiko haustura txikiak utzi zintuen finaletik kanpo, baina eskumuturra jokatzeko moduan zenuen?
Bai. Finalerdietako azken partidan zaintiratua izan nuen. Guk ez genuen deus ere jokoan; sailkatuta geunden. Baina, Gonzalez-Laskurain gure emaitzaren arabera sailka zitezkeenez, jarraitzea erabaki nuen. Medikuak esan zidan aste bat gehiago izanda finala jokatzeko moduan egon nintekeela. Atzerapena eskatu nuen eta ez zidaten eman. Gero enpresak eskumuturraren albistea zabaldu zuen, nirekin kontsultatu gabe, eta garbi daukat intentzio osoarekin egin zuela, dena nahastu eta pilotazaleen iritzia nahasteko. Azkenean, bazirudien ez zegoela garbi bikiarengatik zen edo eskumuturrarengatik. Eskumuturra txapelketa osoan izan nuen hala, eta horregatik nekien joka nezakeela finala. Eta gero, finala hasierako egunean ez jokatzea erabaki banuen, ni pilotaleku batera ez naizela inoiz herren irtengo oso garbi dudalako izan zen. Minez irtengo naiz, irabaz dezakedala badakit, baina herren, eta irabazteko aukerarik gabe, inoiz ez.
Atzerapena eman balizute jokatzeko moduan egongo zinen?
Bai, bai. Are gehiago, finaleko asteko ostegunean lasterka nenbilen. Ez erritmo izugarrian, baina bai lasterka, eta finalerako ziur prest nengokeela. Eta eskumuturrekoa hor zegoen lesio bat zen; baina, hori izanagatik, berdin-berdin joka nezakeen.
Hitz egin duzu gaiaz enpresarekin?
Ez.
Asmorik ere ez, dirudienez.
Hura pasatu zen, eta orain burua indarberritze prozesuan dut.
Nola hartu zenuen Xalaren polemika? Jende asko oroitu zen zurekin.
Arazoa hurrengoa da: arautegiari begiratuz gero, ez dago atzerapenik, baina arautegia beti hautsi izan dute, eta orain, urte jakin batean ez haustea erabakitzea… Edo beti hausten da edo inoiz ez, eta ez kaltetua pilotari bat edo beste bat den. Arautegia beti errespetatuko balitz, inork ezingo luke deus esan. Eta Xalarena gertatu zenean, pilotazale eta pilotari guztiek ikusi genuen gaizki egindako zerbait zela. Binakako finalean izan ezik beti hautsi duten arautegian oinarrituta hartu zuten erabakia, eta ez zuen ez hanka ez buru. Tira, hanka eta buru bazuen, interes ekonomikoei begiratzen badiegu, eta hura interes ekonomikoengatik soilik harturiko erabaki bat izan zen, eta kirol irizpideak bost axola zitzaizkien. Eta gerokoa oso pozgarria izan zen. Xala argia eta ausarta izan zen, eta bere ausardiari esker ate bat ireki zigun pilotariei, eta haren ausardiari esker, nik uste dut ez dela berriz ere halakorik gertatuko. Halako erabakiak hartu aurretik enpresek hobeto pentsatuko dute gauzak nola egin: lehenbizi, kirol interesak daude, eta gero, ekonomikoak.
Mugarri bat izango al da?
Baietz uste dut, eta Xalak modu dotoreenean egin zuen. Pilotak eta pilotazaleek irabazi zuten, eta final hartan erakutsi zuten beti kirol irizpideak direla garrantzitsuenak.
Kontratua bukatuko zaizu martxoan.
Ez nau arduratzen; ondo jokatzen baduzu, pilotak beti erantzuten du. Orain, indarberritzea da nire lehentasuna.
Abel Barriola. Aspeko pilotaria
«Burua ondo izanez gero, gorputzak edonora jarraitzen dio»
Lau hilabete daramatza geldirik, baina, eskumuturra ondo doanez, lasai dago. Lau t'erdiko txapelketa dauka begiz jota, baina oraindik ez du ahaztu binakakoa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu