Oporrak gertu izan, eta lanak eginda edukitzean, ohikoa da egunerokoan izaten den gogo edo adorea apur bat galtzea. Lanean bainoago, atsedenean pentsatzen da. Hori pasatu zaio Osasunari, Betisen zelaian. Jagoba Arrasateren taldeak 3-0 galdu du, ezer jokoan ez zuen lehian. Lehen ordu erdian nafarrek bi akats egin dituzte atzealdean, eta bi opariak ederki aprobetxatu dituzte etxekoek. Partidako azken jokaldian egin zuten hirugarrena.
Hasi eta berehala sartu du lehen gola Betisek: hirugarren minutuan. Motzean atera du kornerra, eta Joaquinek erdiraketa neurtua jarri du bigarren zutoinean. Osasunak ez du ondo zaindu jokaldia, eta Guidok buruz egin du gola. Gorritxoek jokoz kanpo zela eskatu dute, baina VARak begiratu, eta epaileak gola zela berretsi du. Etxekoei oso goiz jarri zaie alde neurketa. Beroak —30 gradu egiten zituen partida hastean— eta aipatutako adore faltak eraginda, ez da denboraldi osoan zehar nafarrek egindako presioaren arrastorik ikusi. Alderantziz, Betisek atzean sartu du talde gorritxoa. Ondorioz, berandu iritsi da Alexis Trujilloren taldearen baloi irteerara.
Betis, berriz, eroso aritu da, baloi jabetzea izan, eta partidari nahi zuen erritmoa emanda. Osasunak apenas estutu du. 25. minutuan bigarren gola sartu du, ezker hegaletik lotutako jokaldi batean. Pedrazak indartsu egin zuen aurrera, eta areara iristear zela, Fekirri utzi dio baloia. Hark Borja Iglesiasi pasea eman, eta azkenean Pedraza bera izan zen gola egin duena, Osasunako atzealdearen tentsio falta baliatuz.
Lehen zatiko azken ordu laurdenean, ura edateko etenaren ostean, Osasuna ahalegindu da Dani Martinen atera gerturatzen, baina baloia zuenean argitasunik izan gabe. Presioa ondo egin duen aukera bakanetako batean, Betisek ez du baloia ondo atera, eta Arnaizek berreskuratu zuen. Baina haren erdiraketa ez dute nafarren aurrelariek baliatu. Betis hirugarren gola sartzetik gertu egon da, baina Fekirrek bigun errematatu du, eta Herrerak erraz gelditu du.
Bi aldaketa atsedenaldian
Partidari beste norabide bat eman asmoz, bi aldaketa egin ditu atsedenaldian Arrasatek. Oier eta Estupiñan zelairatu ditu Roberto Torresen eta Brasanacen ordez. Sakontasun eta zentzu gehiago eman nahi zion jokoari. Aldaketa horiekin Osasunaren jokoak zertxobait hobera egin du, eta Betis lehen zatian baino deserosoago aritu da. Dena den, aldea handitzeko aukera garbienak Betisenak izan dira. Sergio Herrerak bitan aldendu behar izan du Pedrazaren erremate bat 55. minutuan, eta handik hiru minutura berriro ere atezainak salbatu due Arrasateren taldea, Fekirrek egindako jaurtiketa batean.
Osasunari zehaztasun falta izan zaio paseetan. Bi atzelarik sortu dituztegorritxoek partidan zehar izan zituzten bi aukera argienak Roncagliak eta Nacho Vidalek, baina ez dute asmatu. Azken jokaldian, etxekoek hirugarren egin zuten, Aleñari esker.