Golak: 0-1: Kakak penaltiz (13. min.).0-2: Kakak penaltiz (55. min.). 0-3: Cristiano Ronaldok (69. min.). Epailea: Clos Gomez. Txartel horiak Athleticeko Gurpegiri, Iraizozi eta Javi Martinezi; eta Real Madrileko Granerori, Ramosi, Casillasi, Lassi eta Arbeloari. Bestelakoak: 40.000 ikusle inguru San Mamesen.
Real Madril arratsalde pasa etorriko zela uste zutenek ez dute luzaroan Espainiako taldea gutxietsiko. Neurketa hasi aurretik jakinekoa zen bai Real Madrilek eta baita Jose Mourinhok duten irabazle sena. Talde lehiakorra da, aukera barik geratu arte amore ematen ez duena. Atzo, berriz, erakutsi zuen goi mailako taldea dela. Arlo guztietan hartu zuen mendean kanpoko taldeak etxekoa.
Jakinekoa zen Athleticek zer egingo zuen. Entrenatzailearen grina, jokalarien gogoa eta zaleen berotasuna batu eta maila hobea duen taldea arnasa barik lagatzea zuten xede zuri-gorriek. Baina aurkaria prest zegoen horri guztiari aurre egiteko. Esku artean zuen zuri-gorrien jokoa ezerezean lagako zuen giltza. Vila-realek San Mames bisitatu zuenean egin zuen gauza bera egin zuen Mourinhok. Euskarri gisa goiko jokoa menperatzen duen futbolari bat zelairatu, alegia. Juan Carlos Garridok Marchena jarri zuen Mussachioren eta Gonzaloren aurretik. Mourinhok Peperi eman zion ardura hori. Albiolen, Garayren eta portugaldarraren artean ezerezean utzi zuten Llorente. Eta aurrelaria agertzen ez bada, Athletic ere ez. Atzoko neurketan sekula baino argiago ikusi ziren zuri-gorrien gabeziak. Joko zuzenak funtzionatzen ez duenean galduta dago Athletic. Ez da gai beste era batean aritzeko. Mourinhok lezio taktikoa eman zion Caparrosi.
Real Madrilek lehen minututik azkenera arte izan zuen kontrolpean Athletic. Baina arlo taktikoa ez zen Ligako bigarren sailkatuaren garaipenaren giltza bakarra izan. Clos Gomez epaileak ere lagundu zuen. Falta eta txartelen langa oso behean jarri zuen. Ez zion horrek mesederik egin Athleticen jokoari. Hala ere, ez da aitzakia gisa erabili behar. Partida gogortu zenean ere, beldur barik aritzeko jokalariak baitzituen zelaian Mourinhok: Ramos, Garay, Pepe, Lass Diarra eta enparauak ez dira kikiltzen diren futbolariak. Horretarako ere prest zegoen Real Madrid.
Ondo landuta zuen neurketa Real Madrilek. Eta hori gutxi ez eta izan zuen lehen aukeran penalti egin zion Iraizozek Di Mariari. Argentinarra jokalari azkarra da, eta atezainak ez zuen bere irteera ondo neurtu. Kakak eman zion abantaila Real Madrili lehen ordu laurdena bete aurretik. Denbora asko zuen Athleticek lehia parekatzeko, baina zuri-gorriek ez zuten asmatu. Eurek jarritako tranpan erori ziren. Erritmoa jartzeko ahaleginean itsutu egin ziren eta buru barik jokatu zuten. Real Madrilek ez zuen arazorik izan baloia Athletici emateko, baina sekula ez zuen jokoaren ekimena galdu. Kontraerasoa baliatu zuen min egiteko. Higuainek eta Di Mariak bina aukera izan zituzten aldea handitzeko. Argiak, baina ez zituzten asmatu. Tarte horretan Gurpegik eta Muniainek ere jaurti zuten Casillasen atera, baina arrisku gehiegi sortu barik.
Neurketak zeraman bidea aldatze aldera, Gurpegi kendu eta David Lopez zelairatu zuen Caparrosek atsedenaldi ostean. Aldaketa horrekin sakontasun gehiago eta estrategia jokaldietarako espezialista bat zelairatu zuen. Baina ez zen ezer aldatu. Ez zen denborarik egon eta. Bigarren zatiko zortzigarren minuturako bigarren penaltia behartu zuen Di Mariak. Oraingoan Castillok bota zuen lurrera argentinarra. Bigarrenez, Kakak erraz gainditu zuen Iraizoz. Bi goleko desabantaila izan arren, Athleticek ez zuen etsi. Toquerok aukera ona izan zuen, baina ezkerrez egin zuen jaurtiketa kanpora joan zen. Cristiano Ronaldokez zuen barkatu hurrengo aukera garbian. San Joseri izkin egin eta baloia gurutzatuta erabaki zuen neurketa.
ATHLETIC3REAL MADRIL
Burua pentsatzeko ere bada
Gutxi eginda erraz hartu du mendean Real Madrilek Athletic, eta Mourinhok lezio taktikoa eman dio CaparrosiLehen bi golak penaltiz sartu ditu Kakak, eta Cristiano Ronaldok egin du hirugarrena
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu