Burua tente eta «indartuta»

Kopan emandako itxura ona ligan gora egiteko akuilu izan behar dela nabarmendu dute Athleticeko jokalariek

Andoni Iraola Athleticeko jokalaria, herenegun, epaileari kexuka Bartzelonako jokalari bat lurrean dela. MONIKA DEL VALLE / ARGAZKI PRESS.
Iñaki Lasa Etura.
2011ko urtarrilaren 7a
00:00
Entzun
Espainiako Kopako kanporaketaren biharamuna gazi-gozoa izan da Bilbo aldean. Gazia, inork ez duelako galtzea maite; eta are gutxiago kopatik kanpo geratzea. Baina, gozoa, egungo talde onenari aurre egin diolako Athleticek, eta kanporaketako partida bat bera ere galdu ez duelako.

Zaleek burua tente eta harro agurtu zuten herenegun taldea, jokalariek dena eman zutela jakitun. Bartzelonaren aurka jokatu duten gehienek etsita bukatu dute azken urteetan, baina 180 minututan Athletic ez zen behin ere makurtu, eta nor baino nor eutsi zien kataluniarrei.

Pep Guardiola Bartzelonako entrenatzaileak partida amaieran esandakoak ezin hobeto laburbildu zuen zelaian ikusi zena: «San Mamesen ez duzu partida amaiera ikusten». Larri egon ziren, bai, baina beraiek dira final laurdenetarako sailkatu direnak.

Athleticeko jokalariak kopetilun agertu ziren partida ostean. Lehiakorrak izaki, ez zuten nahikoa Bartzelonari aurre egin izanarekin. «Pena da kanporaketa berdintzea eta gol aldeagatik kanpoan geratzea; areago Bartzelonaren aurka, oso zaila delako aurre egitea», zioen Fernando Llorentek aldagelatik atera berritan.

Hala ere, harro zegoen taldeak eginiko lanarengatik: «Burua tente dugula goaz etxera, lan ona egin dugulako, eta Ligako beste taldeekin lehiatzeko balioko digu». Antzera azaldu zen Igor Gabilondo: «Kanporaketa oso ona egin dugu, Bartzelona estu hartu dugu eta ordua eskatzen bukatu dute. Kanporatu egin gaituzte, baina harro gaude».

Atzo jada lasaiago zeuden jokalariak; bai Gurpegik, eta bai Ustaritzek ere kanporaketaren alde ona nabarmendu zuten. «Pozik gaude itxura ona eman dugulako, eta jarraitu beharreko bidea dela uste dugu», azaldu zuen atzelariak. Erdilariak, berriz, etorkizunera begira ekar ditzakeen onurak azpimarratu zituen. «Hazteko balio behar digu, dena emanda edozeinen aurka lehiatu gaitezkeela ikusteko».

Izan ere, indartuta atera dira zuri-gorriak. Bi partidak berdindu dituzte, eta itxura ona eman dute kanporaketan. Aitor Ocio eta Ustaritz txukun ibili ziren, aurreko partidetan baino askoz sendoago. Goraipatzekoa da Ocioren lana, minutu gutxi jokatu baititu sasoian. Euskarriek ere maila ona eman zuten.

Hunkigarria izan zen amaieran 40.000 zale «Athletic!», oihukatzen entzutea, eta jokalariak txalo zaparrada batekin agurtzea. Toki gutxitan ikusten dira horrelakoak. Jokalarien erronka epe motzean kopako olatuari eustea izango da. Taldea eta zaleak bat dira orain, eta jokalariek hori baliatu beharko dute ligan.

Bestalde, deigarria izan zen zelaiaren egoera. Tamalez, ez da hereneguneko arazoa soilik, eta luze dator zelaiaren egoera kaskarra. Jokalariak behin baino gehiagotan kritikatu dute berdegunearen egoera, eta Gurpegik garbi esan zuen Deportivoren kontra jokatu ondoren «Lehen Mailako zelairik okerrena» zuela Athleticek. Caparrosek ere Bartzelonaren aurka herenegun adierazi zuen beharrezkoa zela zelai aldaketa: «Zuzendaritzak denbora darama arazoa aztertzen, eta badaki zelaia aldatu behar dela, onuragarria izango delako. Zelai txar batek jokalari guztiei egiten die kalte, baina, batez ere teknikoki onak direnei».

Fernando Garcia Macuak denbora falta jarri zuen aitzakiatzat herenegun. Halere, atzo bertan hasi ziren zelai berria jartzeko lanak San Mamesen. Bi egunez ariko dira langileak berria jartzen, eta aste eta erdi izango du zelaiak behar bezala egokitzeko; Racingen aurkako partida baino lehen. Aurreko urteko uztailean aldatu zuten azkenengoz San Mameseko zelaiaren zati bat, AC/DC taldearen kontzertuak hondatuta utzi baitzuen. Zelai osoa 2009ko uztailean aldatu zuten azkenekoz.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.