Bartzelona. Pinto; Mascherano, Puyol, Pique; Alves, Xavi, Busquets, Thiago; Pedro (Messi, 58. min.), Fabregas (Keita, 88. min.) eta Cuenca (Alexis, 73. min).
Osasuna. Riesgo, Damia, Lolo, Sergio, Raitala; Cejudo (Lamah, 67. min.), Nekunam, Timor, Annunziata (Ibrahima, 83. min), Torres (Puñal, 70. min.); eta Leka.
Golak. 1-0. Fabregasek (14. min.); 2-0. Fabregasek (19. min.); 3-0. Messik (72. min.); 4-0. Messik (91. min.).
Epailea. Fernandez Borbalan. Txartel horiak Bartzelonako Fabregas eta Cuencari, eta Osasunako Nekunam eta Sergiori.
Bestelakoak. 80.000 ikusle.
Beste modu batera ezin zitekeela izan zirudien. Jose Luis Mendilibar profeta lanetan aritu zen herenegun, eta bere iragarpen okerrenak bete ziren. «Mirari» eta «ia ezinezko» hitzak erabili zituen, eta Bartzelonak on egin zituen atzo. Etxekoen maila bikainak eta nafarren ezinak bat egin zuten Espainiako Kopako final-zortzirenetako kanporaketa erabakita uzteko. Amesgaiztoarena bainoago, eskolako patioan ikasle zaharrenek gazteenen aurka jokatzen duten partida horien antza izan zuen. Talde bakarrak izan zuen baloia, eta bide batez, ekimena. Etxekoek gol gehiago sartzea merezi izan zituen, baina hala ere, itzulikoak, gaur zortzi, ez du izango emoziorik.
Osasunak ligan egiten ari den hasiera ona ikusita, gorritxoen zale batek baino gehiagok pentsatuko du taldeak buruhauste bat kendu duela gainetik. Baikortasun garratza eta etsipen pragmatikoa nahastuz, Kopa, urrun iritsi ezean, traba bat dela esango diote gaur lagunei tabernako hitz aspertuan. Izan ere, Nou Campeko partida argigarria izan zen, eta Bartzelonako ohiko zein ezohiko jokalarien, eta Osasunakoaren ez ohikoen artean dagoen amildegia ikusi zen. Jarrera kontua ere izan zen, loria gose gutxi nonbait. Norabide bakarrean mugitu zen baloia, Riesgoren aterantz, eta bestea hartu zuen apurretan berehala eman zuen bihurgunea.
Mendilibarrek ligan minutu gutxien duten jokalariei eman zien aukera. Hamaikakoan isla zitekeen lehentasuna liga dela. Partida eta kanporaketa guztiak jokatu behar dira, baina Bartzelonari ordezkoekin aurre egin nahi izateak are zailago bihurtzen du balentria. Etxekoek, aldiz, ohikoak diren jokalari asko zelairatu zituzten: Xavi, Busquets, Fabregas, Alves, Messi... eta euren maila erakutsi zuten jokaldi landuetan. Lau gol sartu zituzten, baina gehiago merezi izan zituzten.
Osasunak bizi ekin zion partidari, oso goian presionatzeko asmoz. Aurkaria ustekabean harrapatzea zen asmoa, baina presioak lehen bost minutuetan baino ez zuen eman fruitua. Astinduriko xanpain botila izan zen, berehala indarra galtzen duena, ilusio optikoa. Bartzelonak ez zuen baloia askatu. Lehen zatian %80ko jabetza izan zuen, eta lehen hogei minutuetan zazpi aldiz bota zuen atera. Tarte horretan sartu zituen lehen bi golak, biak ederrak, eta biak Xavik Fabregasi emaniko paseen ondoren.
Aurrenekoaren jokaldia eskuin hegalean hasi zen, baina Xavik area ertzean ondo kontrolatu, eta pase zehatza eman zion Fabregasi ezkerretik sartuz baloia sareetara bidal zezan (13. min). Bigarrena desberdina izan zen, Puyolek zelai erdian lapurtu zuen baloia, eta Xaviri pasa zion. Erdilariak, hiru laurdeneko marratik, eta Osasunako hiru jokalariren artean, Fabregasi eman zion baloia eta honek, area ertzetik, Riesgoren gainetik dotore loratu zuen (18. min.). Atsedenaldira iritsi aurretik berdin jarraitu zuen Bartzelonak, baina ez zituen baliatu gol aukera ugariak.
Bigarren zatian Osasunak hobeto jokatu zuen, kontra erasoan, eta Cejudok susto pare bat eman zituen, gutxi zen halere. Bartzelonak erasoan jarraitu zuen, eta Guardiolak Messi lehenbizi eta Alexis gero zelairatu zituen kanporaketa erabakita uzteko. Messik sartu zituen beste bi golak (72. min. eta 91. min). Kanporaketa erabakita dago, eta are erabakiago egon zitekeen. Hein handi batean Riesgok eragotzi zuen. Atezainak, Osasunako onena, meritu askoko geldiketak egin zituen.
Bartzelona 4. Osasuna 0
Buruhauste bat gutxiago
Osasunak ezin izan du ezer egin Bartzelonaren zirimolaren aurka, eta agur esan dio Espainiako Kopari
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu