Futbola. Euskal taldeak, ligari ekiteko prest: Eibar

Buruhausteak, hasi aurretik

Ziurtasunez hasi beharrean, zalantza sortu zaio Jose Luis Mendilibar Eibarreko entrenatzaileari, ligako lehen partida jokatzeko lau egun falta direnean. Klubak ez du fitxatu hark nahiko lukeen beste jokalari, eta lesioek are gehiago zaildu diote taldeari lehiaketa ahalik eta ondoen hastea.

Jose Luis Mendilibar Eibarreko entrenatzailea jokalariei aginduak ematen, joan den ostiralean, Osasunaren aurka jokatutako lagunarteko partidan, Taxoaren. JESUS DIGES / EFE.
Mikel O. Iribar.
2020ko irailaren 9a
00:00
Entzun
Hasi da atzerako kontaketa Eibarrentzat. Larunbatean ekingo dio 2020-2021 denboraldiari, Celtaren aurka, Ipuruan. Hala, gipuzkoarrak zazpigarren aldiz segidan lehiatuko dira Espainiako Lehen Mailan, Jose Luis Mendilibarren esanetara, beste urtebetez gorengo mailan estutasunik gabe jarraitzeko xedez. Alabaina, ligako lehen neurketari ziurtasunez heldu beharrean, baditu nahiko buruhauste Zaldibarko (Bizkaia) entrenatzaileak, taldea ez baita hark nahiko lukeen bezala iritsi sasoi-aurreko azken zati erabakigarrienera, hala taldea eratzeko arazoagatik, nola taldean jokatzeko gabeziagatik.

ZORTZI JOAN, ETA BI IRITSI

Mendilibarrek azkar batean altxatu zuen ahotsa «sei edo zazpi fitxaketa» egin behar zirela eskatzeko. Hain zuzen, zortzi jokalari gutxiago ditu taldeak aurreko sasoitik: Fabian Orellanak, Gonzalo Escalantek, Charles Diasek, Ivan Ramisek, Pablo De Blasisek, Sebastian Cristoforok, Nano Mesak eta Jordi Calaverak utzitako lekuak betetzeko galtzak bete lan du klubak, eta izango du.

Eibarrek, gaur-gaurkoz, bi jokalari berri baino ez ditu gehitu taldera. Batetik, Damian Kadzior, Zagrebeko Dinamotik iritsi den eskuin hegaleko erdilari poloniarra. Bi milioi euro inguruan erosi dute Kadzior; bestetik, Jose Recio erdilari espainiarra ailegatu da, Leganesetik utzita. Hala eta guztiz ere, ez Kadziorrek ez Reciok, ez dute Eibarren elastikoarekin lagunartekorik jokatu oraindik, arazo fisikoak tarteko.

Nahiz eta klubak jokalari gehiago fitxatuko dituen berri eman, taldea indartzea falta zaio oraindik, eta Mendilibarrek ez du ezkutatu kezkatuta dagoela. «Apur bat berandu den arren, espero dut klubak fitxaketa gehiago egitea urriaren 5a baino lehen, talde lehiakor bat osatu nahi baitugu».

Eibarrek nola edo hala eutsi dio aurreko sasoiko taldearen bizkarrezurrari, besteak beste, Sergi Enrich, Kike Garcia,Takashi Inui, Pedro Leon, Marko Dmitrovic eta enparauen bitartez. Mendilibarrek 22 jokalari ditu bere esanetara, baina ziurrenik, jokalari berri gehiago iristen diren heinean, aurreko sasoian utzita jokatu zuten hiru jokalari ez dira lehen taldean ariko: Jose Antonio Martinez, Roberto Olabe eta Asier Benito. Horrez gain, Zaldibarkoak argi utzi zuen ustez beren postua bermatua duten jokalari batzuek taldea utzi beharko dutela. Zerrenda horren goian bi izen ageri dira: Alvaro Tejero eta Quique Gonzalez.

LESIOAK, JIRA ETA BIRA

Itzulera prestatzeko hilabete eskaseko astia izateak ez dio mesede egin Eibarri, eta lesioek are gehiago zaildu dute Mendilibarrek lehiaketako hastapenerako prestaturik zuen arbela. Hala nola Anaitz Arbilla ez da oraindik taldekideekin entrenatu, eta Jose Angel Valdez Cote epe luzerako dago min hartuta eskuineko belaunean ebakuntza egin zioten. Esteban Burgosek eta Edu Expositok, berriz, Athletic eta Osasunaren aurkako azken bi lagunarteko partidak bakarrik jokatu dituzte, giharreko arazoak direla medio.

ASKO DUTE HOBETZEKO

Gorabeherak gorabehera, nahi edo ez, egoera katramilatsu horri aurre egin behar dio Eibarrek. Atzo ekin zion larunbatean Celtaren aurka jokatuko duen prestaketa lanari. «Puntu garrantzitsuak jokatuko dira», esan du Mendilibarrek.

Hiru puntuak etxean geratzeko Eibarko entrenatzaileak argi du taldeak zer egin behar duen: «Erasoko jokoaren sakontasuna eta abiadura handitu behar dugu». Izan ere, haren iritziz, sasoi-aurrean ez dute alor hori ondo landu. «Alderdi askotan hobetu behar dugu: zehazki, hegaletan, erasoan eta defentsan. Talde bat gara, eta, zerbaitegatik nabarmendu bagara, hegaletatik aurkariaren zelaira heltzeagatik, erdiraketak ateratzeagatik eta jokoari bizitasuna emateagatik nabarmendu gara». Aurreko denboraldian asko kosta zitzaien hori egitea, eta Eibarreko entrenatzaileakaitortu du sasoi-aurrean ere oraindik ez dutela behar bezala lortu halakorik.

Eta, nola ez, Mendilibarrek defentsa lanean ziurtasun handiagoa eskatu die jokalariei, Eibarren beste ahulezietako bat baita hori. «Ezin gara defentsan hain ahulak izan, aurkakoa baizik: indartsuagoak eta lehiakorragoak izan behar dugu».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.