Arrauna. Kontxako Bandera

Bururako da txapela

Kaiku, Urdaibai, Hondarribia, Astillero, Tiran eta San Juan sailkatzea ez da ezustea izan; bai, ordea, eta handia, Chapela sartzeaHaizearen indarra gora eta behera ibili da, eta baldintzatu egin du ontzi batzuen lana

Bururako da txapela.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2012ko abuztuaren 31
00:00
Entzun
Joan da Kontxako Banderan ari- tzeko sailkatze estropada, eta orain bakoitzak bere kiniela hartuko du, zenbatean asmatu duen jakiteko eta ingurukoekin erka- tzeko. Asko esatea izango da, akaso, baina inork bete-betean asmatu ez duela botatzea ez da astakeria. Izan ere, ezusteko parte har- tzaile bat izango da Donostiako badian datozen bi igandeetan: Chapela. Atzo sailkatu ziren beste sei traineruak sartzea, aldiz, ez da ezustea izan.

Gutxi-asko, ia zerrenda denetan zeuden Kaiku, Urdaibai, Hondarribia, Astillero, Tiran eta San Juan. Seikote hori eta Galiziako taldea ariko dira bandera preziatua lortzeko lehian, Donostiarrarekin batera. Batzuk sartzeko, beste batzuk kanpoan geratu behar, eta estropada horretan gertatu ohi den bezala, tarte txikiak utzi zituen asmo handia gauza- tzetik at. 11 segundoan sartu ziren San Juan zazpigarren sailkatua eta hamabigarren lekuan geratu zen Portugalete. Pasaitarren atzetik heldu ziren Pedreña, San Pedro, Orio eta Isuntza.

Sailkatuen zerrendan ezustea izan zen, baina eguraldiaren iragarpenean, ez. Bete-betean asmatu zuten, eta itsaso zakarra zegoen, haize petralak eraginda. Hori nahikoa ez eta haizearen indarra gora eta behera aritu zen, baldintzetan berdintasuna hautsiz. San Miguel ligakoak atera ziren lehendabizi, eta San Juanek estropadari hasiera eman baino minutu batzuk lehenago, sekulako euri jasa eta haize bolada sartu zen itsasotik. Pasaitarrek ekin ziotenean, baretzen hasia zegoen, baina baldintza txarretan ari ziren liga nagusiko parte hartzaileak. Gero, barealdia etorri zen, eta bigarren multzokoak hasi zirenean, berriz ere haserrealdia. Baina ez zuen asko iraun, eta bigarren multzokoek estropadaren hamabost bat minutu baldintza hobean egiteko aukera izan zuten.

Ezusterako tartea zabaldu zuen horrek, eta bigarren multzo horretako indartsuenak Orio eta Santurtzi ziren. Chapelaren lana galdera ikurraren azpian zegoen, baina ziabogan ikusi zen baleko taldea dela. Laugarren denbora berea izan zen. Hirukote horretan azkarrena bera izan zen gero, eta Isuntzak ere muturra sartu zuen, Orioren atzetik eta Santurtziren aurretik. Galiziarrei pare-parean jarri zitzaien aukera, eta ez zuten kareletik bota.

Ordurako, sailkapenaren gozoa dastatzen ari ziren beste ba- tzuk. Kiniela guztietan zeudenak ziren Kaiku, Urdaibai, Hondarribia eta Tiran. Geratzen zirenak geratzen zirela, bazekiten barruan zeudela. San Juan zen bestea, baina zalantzan zegoen, bigarren multzoko indartsuak falta zirelako. Barruan sartu zen azkenean. Chapela sartu aurretik barruan zen Pedreña, baina galiziarren lanak kanpoan utzi zituen. San Pedro ere kalean geratu zen, beste behin. Eta gutxigatikoraingoan ere. Bederatzigarren denbora egin zuten, baina ezin azken bi urteetako joera txarra gainetik kendu. Portugalete ere gogoarekin geratu zen. Egun askotan ibili da entrenamenduak Donostian egiten, baina egin behar zen egunean ez zuen behar bestekoa egin.

Oilarren lana aztertzen hasita, denborak begiratu eta atentzioa ematen du Kaikuk egin zuen bigarren luzeak. Bederatzi minutuak justu gainditu zituen, hemezortzi segundoan, eta sekulakoa da, olatuak eta ez zirelako garbi-garbiak, haize zakarraren eraginez. Horren lekuko da Urdaibaiko patroiak egin zituen adierazpenak estropada bukatu berritan: «Bueltako luzean joanekoan baino bote gehiago eman ditugu ia-ia», esan zuen Gorka Aranberrik. Berak eta bere arraunlariek ere handia egin zuten itzulikoan, baita Tiranek eta Astillerok ere, Hondarribiarena ahaztu gabe. Pedreñak ere handia egin zuen bueltako luzean, baina kanporanzko luzeak kondenatu zuen.

Ziaboga bakar horretan, lehen zazpi postuetan ondorengoak zeuden, hurrenkera honetan: Kaiku, Urdaibai, Tiran, Astillero, Hondarribia, Chapela eta San Juan. Gero sailkatu zirenak, alegia. Bigarren eta azken luzean leku horiei eutsi zieten, postuak aldatuz bakarrik. Datu horiek garbi erakusten dute joan eta etorri egin behar dela sailkatzeko. Itsasoa zakar dagoenean, kanpora arriskuak ez hartzeko zaleak dira zenbait entrenatzaile, gero barruranzkoan denbora berreskuratzeko. Atzo, ez zen balekoa izan estrategia hori.

Atzokoaren inguruan, inoiz gertatu gabeko datua: lehen aldia da TKE sortu zenetik, liga horretan ez dagoen talde bat sartu dela. Chapelak lortu du balentria. Ligako buruak edo burutik gertu dauden sei ontzik txapela jantzita jardun beharko dute datozen bi igandeetan. Bururako baita txapela.

Igandeko txanden inguruan

Estropada bukatu bezain pronto egin zen igandeko txanden zozketa. Denek nahi izaten dute lehen txandan aritu, bigarrenean haizeak gora egiten duelako. Iragarpenek gorakada ematen dute, baina ez handia. Hala ere, zorteko izan ziren Hondarribia, Chapela, Astillero eta Kaiku. Horiek ariko dira estreinakoan arraunean, baldintza onetan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.