Jose Kruz Exposito. Orioko presidentea

«Burutik ez zaigu pasatzen jaistea, baina kezkatuta gaude»

Ez dago lasai, ez baita lasai egotekoa duten egoera zaila. Ez jaisteko kanporaketan dauka burua, eta ez du ezer entzun nahi datorren denboraldiko kontuez, ez onerako eta ez txarrerako.

DV.
Aitor Manterola Garate.
Donostia
2011ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Duela urtebeteko egoera eta oraingoa zeharo ezberdinak dira Jose Kruz Exposito Orioko presidentearentzat (Orio, Gipuzkoa, 1945). Iaz, San Miguel liga irabazteko aukera zuten, eta Kontxako Banderan ere faboritoen artean zeuden. Aurten, zuloan dira ligan, eta ez jaisteko kanporaketa jokatu beharko dute ziurrenik. Herrialde Katalanetan da Exposito, oporretan, egun batzuk igarotzen, baina burua Orion dauka. Itxaropentsu dago, baina kezka ere badu.

Oporretara joan izanak zer esan nahi du, lasaitasun premia handiarekin zabiltzala?

Urtero etortzen naiz hona udan, emaztea ere ez baita albora utzi behar. Bestela, buruak eska- tzen dit lasaitasun apur bat. Ezinezkoa da arrauna alde batera uztea, asteburuan ere galdezka ibiliko naizelako zer egin dugun. Baina arrazoi duzu: pixka bat lasaitzera etorri naiz.

Ezin burutik kendu zure klubaren egoera.

Hori da. Eskasa da gure egoera. Sekula ez gara hain atzean egon, eta hori ere kalterako zaigu. Antzeko garaiak izan dira; jendea falta, arraunlari askok utzi, eta horrelakoak lehen ere izan ditugu. Hala ere, uste dut gaindituko dugula eta aterako garela aurrera. Baina denbora behar da. Nola edo hala atera behar dugu aurtengoa, baina sufritzen ari gara.

Astearen hasieran erabaki zenuten Miguel Anjel Lizarralde Altxerri jartzea Jose Luis Agirre entrenatzaileri laguntzen. Zergatik?

Nik beti esaten dut lau begik bik baino gehiago ikusten dutela. Eskaintza batzuk izan ditugu guri laguntzeko, eta, azkenean, ikusi genuen Altxerri zela laguntzeko onena.

Zer emango dio taldeari?

Jakinduria eta bere izaera gogorra. Oso oriotarra da, badaki zer den arrauna, eta Agirre eta bera ondo moldatuko dira.

Ikusten al duzu ez jaisteko kanporaketa libratzeko aukerarik oraindik?

Segurutzat ezin da ezer jo, baina momentu honetan pentsatu behar dugu kanporaketa jokatuko dugula. Orain dela astebete galdera bera egin izan bazenit, ezetz erantzungo nizun, ez genuela kanporaketa jokatuko, Zarauzko estropadetan itxaropen handia geneukalako jarrita. Baina gauzak ez ziren ondo atera. Guk nahi bezala atera izan balira, itxaropentsu egongo ginen kanporaketa libratzeko.

Zergatik dago Orio hain behean?

Alde batetik, arraunlarien hutsunea dago. Iaztik jende asko falta zaigu. Bestetik, ez dugu batere zorte onik eduki lesioekin eta gaixotasunekin. Arraunlari gazteak dauzkagu, eta ibilbidea falta zaie goian ibiltzeko; ez daukate esperientziarik. Gauzak ez zaizkigu ondo atera. Saiatu, saiatu gara denetik probatzen traineruan: neurriak aldatu eta halakoak; baina ez zaigu ezer atera.

Neguko traineru jaitsieretan atzean ibili zineten. Orduan ikusten zena gainditzeko konfiantza handiegia eduki al duzue?

Beti izan dugu konfiantza traineruan. Negua ez dugu behar bezala igaro, lesioak-eta tarteko. Garbi dago negua negua dela, eta lanak ondo hor egin behar direla gero txukun ibiltzeko.

Orduan, trainerua ondo ez ibiltzeko arrazoia neguko lanean al dago?

Azterketa egiten dugunean, gai hori mahai gainean dago, baina ez da bakarra. Gauza asko aztertu behar dira.

Noren erantzukizun da egoera hau?

Denona. Presidentea naizen aldetik, ni izango naiz erantzulea. Aztertuko dugu zer gertatu den, eta ez da bilatu behar zein den erruduna. Zergatik gertatu den ikusi behar dugu, eta hobetzen hasi. Etengabe hobetzen segitu behar dugu.

Datorren denboraldian San Miguel ligan egongo al da Orio?

Galdera ona egin didazu. Eran- tzuna edukiko banu, ez nintzateke hain kezkatuta egongo [barrez]. Uste dut jarraituko dugula San Miguel ligan. Baina kanporaketan lan ona egin beharko da. Itxaropentsu gaude.

Txarrenera jarrita, pentsatu al duzu jaisteko arriskua daukazuela?

Ez, ez. Gerta daitekeela bai, baina ez gara hasiko datorren denboraldiko kontuez hizketan. Bere garaian hasiko gara pentsatzen pentsatu behar den gauzetan. Burutik ez zaigu pasatzen jaitsiko garenik, baina kezkatuta gaude.

Aurtengo emaitzak ikusita, harrobiaren aldeko erabateko apustuari helduko diozue ala filosofia aldatuko duzue?

Ez dugu ezer aldatuko. Gure apustua harrobia da. Diruak lagundu egiten du, baina Oriok ez dauka dirurik, ez du ikaragarrizko babeslerik. Gure harrobiarekin oso pozik gaude; oso arraunlari onak daude beheko mailetan. Alde horretatik, lasai gaude, jakin bai baitakigu emaitza onak helduko direla etorkizunean. Gure zuzendaritza harrobiaren aldeko apustuarekin sartu zen, eta horri eutsiko diogu ni presidente naizen bitartean.

Bukatzeko, zurrumurru bat egia den edo ez galdetu behar dizut: Jon Salsamendi izango al da Orioko entrenatzailea datorren denboraldian?

Gezurra da. Zurrumurru hutsak eta putzak dira. Ez dugu inorekin hitz egin. Ez litzateke etikoa izango lanean ari diren beste entrenatzaileekin hitz egitea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.