Burutu gabeko lana

Realari nagusitasuna falta izan zaio une erabakigarrietan erantzun eta igoera lortzeko

Xabier Lopetegi.
2008ko ekainaren 17a
00:00
Entzun
Lehen Maila ez bezala, Bigarren Maila ñabardurarik gabeko lehiaketa da Reala bezalako talde baten jarduna epaitzeko orduan. Igotzeak baino ez du balio. Saria lehen hiru postuetan dago. Hortik aurrera, zigorra besterik ez. Arrakasta eta porrotaren arteko lerroa oso mehea izan daiteke. Realaren kasuan, hala izan da. Luzaroan ibili da igoeraren arrastoan, bigarren zatian batez ere, baina aurrerapauso erabakigarriak emateko aukerak izan dituenean ez ditu eman. Egia da estatistikak dioela oso zaila dela jaitsi berriarentzat igotzea, eta giro nahasi eta egonkortasun gutxirekin jokalariek azkenera arte esperantzari eutsi diotela, baina kontsolamendu gisa ez du balio horrek, funtsean gauza bera baita Realarentzat laugarren edo hamabosgarren sailkatzea.

Salva Iriartek Kirol zuzendariak harrobiaren aldeko apustua egin zuen denboraldi hasieran, diru faltak behartuta. Berehala ikusi zuen taldeak, ordea, urte samurra ez zuela izango. Lehen hiru partidetatik bi galdu zituen etxean, Castello eta Poli Ejidoren aurka, eskas jokatu ondoren. Ezkorrenak esaten hasi ziren Bigarren Mailan gutxienez hamar talde zirela Reala baino hobeak, baina txuri-urdinek buelta eman zioten egoerari Las Palmas, Elx eta Albaceteri irabazita. Chris Colemanek gustuko hamaikakoa aurkitu zuen, eta igoeratik hiru puntura iritsi ziren Numantzia eta Sportingen aurkako partida garrantzitsuetara, baina biak galdu zituzten txuri-urdinek.

Taldeak ez zuen amore eman. Gol gutxi jasotzen zituen, baina sartzeko ere komeriak zeuzkan: hurrengo lau partidak berdindu ondoren, 13. jardunaldian hamalaugarren postuan zegoen sailkaturik, igoeratik hamar puntura. Kirol arlotik kanpo ere, zeresan ugari: Colemanen gaupasa eta garbigailuak, Ingalaterrako taldeen eskaintzak, Iñaki Badiolaren agerpena eta Maria de la Peñaren dimisioa... Taldeak, ordea, estualdia gainditu zuen, harrobiko jokalariekin Malaga 2-0 mendean hartuta. Hurrengo sei partidetatik ere hiru irabazi zituen, gehienak azken minutuetan eta gogotik sufrituta, baina nortasun eta sendotasun handia erakutsita betiere.

Ordurako lehen bi sailkatuak tokitan bazeuden ere, igoeratik puntu bakarrera jarri zen Reala. Badiolaren garaipenak, ordea, norabide aldaketa ekarri zuen. Colemanek dimisioa eman zuen, fitxaketa politika berriarekin bat ez zetorrelako, eta bere lan ildoarekiko koherentziagatik. Zigic, Soldado, Marc Crosas, Gudjohnsen... izen asko egon ziren mahai gainean, baina azkenean Marti, Fran Merida, Victor eta Nacho iritsi ziren. Entrenatzaileari dagokionez, Pako Aiestaran Kirol zuzendari berriak Juan Carlos Oliva proposatu zuen kargurako, baina Badiolak ez zuen begi onez hartu eta guztiz pozoitu zen afera, Aiestaranek agur esan arte. 14 entrenatzailerekin hitz egin zuela harro errepikatu ondoren, errazena egin zuen: aldi baterako aukera zirudien Jose Ramon Eizmendi aukeratu, Kordobaren aurkako garaipenaren aparretan.

Eizmendik behar bezala egin zituen gauzak. Fitxatu berrien kalitatea Realari emaitza onak ekarri izan dizkion eskemarekin uztartu zituen, 4-4-2koarekin. Taldeari kosta egin zitzaion martxan jartzea, baina denbora kontua zen. 24. jardunalditik 28.era bost partidetatik lau irabazi zituen. Bestean, puntu bakarra lortu zuen, Elxen denboraldiko erakustaldirik onena eman ondoren. Partida gehienetan ez zuen halako joko ederrik egiten, baina Aranburu eta Martik osatutako euskarri bikotea, Prieto, Nacho, Victor eta Diaz Zerioren joa eta atzelarien sendotasuna -Ansotegi eta Mikel Gonzalezen aldeko apustua egin zuen Eizmendik- argudio sendoak ziren, partida gehienak menperatzeko modukoak.

Eizmendirekin lortu zuen Realak lehen aldiz igoera postuetan sartzea. Beste behin, gainera, aukera ezin hobea zuen Numantzia eta Sportingen aurkako partidetan nagusitasun kolpea emateko. Baina konfiantzaz gainezka iritsi arren, biak galdu zituen berriz ere, azken minutuetan jasotako gol banarekin. Partida parekatuak izan ziren, itxiak eta borrokatuak, eta Realak ez zuen halako zigorrik merezi. Horren kolpe bortitza jaso ondoren, ez zen harritzekoa izan hurrengo jardunaldian gertatutakoa: etxean Racing Ferrolen aurka galdu zuen taldeak, aspaldiko partidarik txarrena eginda. Hor bukatu zen Badiolaren pazientzia. Eizmendi kaleratu, eta hasieran harrobian zehaztu gabeko ardura izango zuen entrenatzailea aukeratu zuen: Juanma Lillo.

Jarraitzaileek aldaketa mesfidantzaz hartu bazuten ere, ezin uka mesederako izan zela hasieran. Tolosarrak aukera bikaina zuen bere balioa aldarrikatzeko, eta gogotsu ekin zion egitekoari. Bere inguruan zeuden aurreiritzi asko gezurtatu zituen, Reala eraginkorra izan baita azken txanpan, estetikoa baino gehiago, baita bere partidarik ikusgarrienetan ere, Malagan bezala. Hori bai, behin betiko jauzia emateko behar den jarraikortasuna falta izan zitzaion: aurrekoetan bezala, ezin izan zituen hiru partida jarraian irabazi.

Hala, bitan egin zuen tupust, Cadiz eta Salamancaren aurka, eta Mendizorrotzan galdu egin zuen igoera erdia ziurtatzeko aukera. Fitxatu berrien eragina apalduz joan zen, eta azken partidetara akituta eta freskotasunik gabe iritsi zen taldea; eskatu behar zaion tentsioarekin jokatzeko ezgai, guztiz. Kordobaren aurkako partida izan zen azken adibidea; etsigarri askoa, gainera. Igoera helburu duen eta Lehen Mailan aritutako jokalari asko dauzkan taldeak ezin ditu bi puntu bakarrik bildu azken bederatzietatik. Realaren gabezien isla argia izan da beherakada hori.



EZOHIKO BATZARRA GAUR. Zaila da alde positiboren bat aipatzea. Ez kirol arloan, ez kirol arlotik kanpo. Klubak abagune ezin hobea zuen harrobiko jokalariak zailtzeko, eta horietako batzuek azkeneraino protagonismo handia izan badute ere, Markel Bergarak, Elustondok eta Estradak ez dute ia parte hartu, Colemanekin ez bezala. Izan ere, apustu hori egiteko lasaitasuna behar da, sasoi honetan igotzea derrigorrezkoa ez zela onartzea, baina ez da lan ildo horri eusteko baldintzarik sortu. Zailduagoak diren beste hainbat jokalarik emandako maila gogoeta egiteko modukoa ere bada, ez baitute Bigarren Mailan izan beharko luketen arduraren arabera erantzun.

Badiolaren kudeaketaren inguruan ere gauza on gutxi azpimarra daitezke, hauteskundeetan agindutakoaren eta gerora egin duenaren artean amildegia baitago. Gaur du lehen azterketa garrantzitsua, Realak akziodunen ezohiko batzarra egingo baitu 19:30ean, Anoeta estadioan. Badiolak aukera du klubaren benetako egoera zein den azaltzeko.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.