Frantziako Tourrean ez dago arnasa patxadaz hartzeko betarik. Mendateetan gora eta behera ibili ondoren, nahiko etapa laua izan zen atzokoa, baina ez lasaia. Haizeak eta aldapa motz bezain gogor batek ederki astindu zuen tropela, eta uste baino mugatuagoa izan zen amaierako esprinta. Andre Greipelek (Lotto) eta Peter Saganek (Liquigas) neurtu zituzten indarrak, eta alemaniarrak altxatu zituen bi besoak azkenean, aurkariari gurpil erdiko aldea aterata. Polita izan zen lehia, ikusgarria, eta alemaniarrak aurtengo Tourreko hirugarren garaipena eskuratu zuen. Hain zuzen ere, Saganen zenbakietara iritsi zen. Eslovakiarra hirutan izan da garaile orain arte jokatutako hamahiru etapetan, eta Greipel ere bai. Bien arteko buruz burukoan, beraz, berdinketa dago.
Aparteko zailtasunik ez zuen etapa moduan zegoen izendatuta atzokoa. 217 kilometrokoa bai, luzea bai, baina ez triskantzarik eragitekoa. Sailkapen nagusian ez zuen aldaketarik utzi — Bradley Wigginsek (Sky) jarraitzen du lider—, baina etapa garaipenaren jokotik kanpo txirrindulari bat baino gehiago geratu zen. Azken 23 kilometroek eman zuten zeresana, bereziki. Lehenik aldapa gaizto bati egin behar izan zion aurre tropelak, eta ez zuten denek lortu onenei eustea. Mark Cavendish (Sky) eta Matthew Goss (Greenedge), etapa irabazteko faborietako bi, besteak beste, atzean gelditu ziren.
Dena den, begi guztiak Cadel Evansek (BMC) bereganatu zituen. Erritmo aldaketa bikaina egin zuen, baina Wigginsek arazorik gabe jarraitu zion. Goraipatzekoa izan zen bien jarrera. Bai Evansena, aukerarik txikiena izan zuenean erasoa jo zuelako, eta bai Wigginsena ere, taldekideen laguntzarik gabe aurrera egiteko erabakia hartu zuelako. Sailkapen nagusiko txirrindulari guztiek elkarrekin igo zuten aldapa.
Kilometro pasatxoko malda gainditu ostean haizea agertu zen. Haize bortitzak albotik jo zien txirrindulariei. 40 bat inguruko tropela osatu zen aurrean, baina sakabanaketa gertatu zen berehala. Hainbatek ihes egiteko baliatu zuten momentu hori. Egoi Martinez (Euskaltel-Euskadi) izan zen probatzen lehena. Bezperako nekea gainean eduki arren, ausart jokatu zuen nafarrak. Alferrik, ordea, oso denbora gutxi egin baitzuen buruan.
Alexandre Vinokourov (Astana) eta Michael Albasini (Greenedge) izan ziren erasoa jotzen hurrenak. Eta horiek bai, horiek apuru larrian jarri zuten tropela. Helmugarako hamazazpi kilometro falta zirela egin zuten ihes, eta soilik hiru faltan harrapatu zituzten. Biak ala biak argiak dira halako etapetan, baina atzean Sky taldea ez zegoen inori oparirik egiteko.
Urtasun, eguneko ihesaldian
Abiadura izugarria ezarri zuen Sky-k, eta bat baino gehiago geratu zen tropelari jarraitu ezinik. Jakina zen esprintak erabakiko zuela lehia, baina halere Luis Leon Sanchezek (Rabobank) miraria egin nahi izan zuen. Azken unean erasoa jo eta aurrera egin zuen. Gainera, metro batzuk irabazi zituen. Baina orduantxe agertu zen Wiggins, tropelaren buru zela, hegazkin bat baino azkarrago. Edvald Boasson Hagen taldekideari esprinta bideratzea zen liderraren helburua, baina ez zitzaien ongi atera. Sky taldearen lana baliatzen Greipelek eta Saganek jakin izan zuten. Azkenean, alemaniarra izan zen indartsuena.
Ikuskizuna etaparen azken txanpak eman zuen, baina aurrez zortzi ziklistako ihesaldia saiatu zen helmugaraino heltzen. Artean, Euskaltel-Euskadiko Pablo Urtasun. Lehen kilometroan ihes egin eta tropelarekiko sei minutuko aldea ere eskuratu zuten, baina helmugarako 23 kilometro falta zirela amaitu zen haien ametsa. Talde laranja lan bikaina egiten ari da Tourrean, ihesaldi gehienetan sartzen baita.
Sailkapeneko faboritoek gaur izango dute zalaparta eragin eta erasoak jotzeko aukera. Izan ere, lehen mailako bi mendate igaro beharko dituzte: Lers eta Mur de Peguere.
Txirrindularitza. Frantziako Tourra
Buruz burukoan, berdinketa
Andre Greipelek hirugarren garaipena lortu du, esprintean, Peter Sagani aurrea hartuta; Bradley Wigginsek jarraitzen du liderFaboritoek gaur dute mugitzeko aukera, bi mendate gogor gainditu beharko baitituzte
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu