Berezia izan zen Belgikako irteera parrilla, eta horren ondorioak maila berekoak izan ziren. Ez zen lasterketarik izan, Buttonek zailtasunik gabe irabazi zuelako. Horretan oso lagungarri izan zitzaion pole-tik irtetea, Grosjeanek eragindako triskantza bere atzean gertatu baitzen. Ez hori bakarrik, ondoren ere bere kasa aritu baitzen, inolako aurkaririk gabe. Kimi Raikkonenek Spa-ko espezialista goitizena jaso zuen lehenago, baina aurten ez du horretan sakondu. Vettelek oso atzetik etorrita aurrea hartu zion, txapela kentzeko moduko lasterketa eginda. Ahalegin horrek bigarren postura eraman du munduko txapelketan, Alonsoren aurkari nagusi bilakatuz.
Vettelen autoa ez da iazkoa bezain nagusi, eta baliteke gidaria bera ere aurten maila berean ez aritzea. Egindako hutsek hala erakusten dute, gehienetan lasterketak iaz baino atzeragotik hasi dituelako. Txapelketan ere pareko ibilbidea darama, sailkapenean galduta ibili baita. Tarteka burua erakutsi nahi izan du, baina igandekoa kenduta, hiru aldiz bakarrik azaldu da podiumean. Sailkatzeetan du arazorik handiena Vettelek, iazko maila errepikatu ezinean baitabil. Webberrek hobeto hartu die neurria pneumatikoei itzuli bakarrera. Lasterketan, ordea, Vettelek izaera oldarkorra abiadura erakutsi ditu. Bi bertuteak plazaratu zituen aurreratzeko garaian.
Alonsorengandik gertuen dagoena da orain Vettel, baina ikusitakoaren arabera, orain datorkio lanik zailena: hor mantentzea. Bere aurretik hor egon direnek kale egin dute: Button, Webber, Hamilton... Asko falta du oraindik denboraldiak, zortzi lasterketa eta berrehun puntu baitaude banatzeko. Alonsok orain dituenak baino gehiago dira. Espainiarra oso gidari erregularra da eta Ferrari autoa berak dioena baino azkarragoa da. Horri esker lortu zuen igandera arte hogeita hiru lasterketatan jarraian puntuatzea. Schumacherrek du marka, hogeita laurekin. Alemaniarrak ez du errekor hori hobetuko, Ecclestonek konturatu gabe bota baitzuen Kaiser-ak urte amaieran erretiroa hartuko duela.
Hurrengo Sari Nagusia Italiakoa izango da, asteburu honetan bertan. Grosjeanek ez du han parte hartuko, FIAk lasterketa baterako zigortu duelako. Batez ere egin duenaren gainean hausnartzeko balio behar dio honek, asmo txarrik gabe bada ere arrisku gehiegi sortu baitu aurten. Ulertezina dena, ordea, arrazoi berberagatik Maldonado ez zigortu izana da. Williamsekoak hamabi zigor daramatza dagoeneko aurten. Okerrena ez da hori, baizik eta ez duela jarrera aldatu. Aldaketa lidertzan gerta daiteke Italian, aspaldiko partez Alonsok ez baitu halako alderik. Puntu gehiegi daude jokoan Alonso matematikak egiten hasteko. Arriskatu egin behar du oraindik Ferrarikoak. Non, eta Italian.
Button, bakarlanean
Lehen itzulian izandako istripu ikusgarriak aurkaririk gabe utzi zuen Belgikako Sari Nagusian
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu