Button izan da azkarrena Belgikan, oporretako itzuleran

Faborito nagusiek kale egin dute Span, eta Kobayashik eta Maldonadok ez dute alferrik galdu aukera

Laurentzi Garmendia
Donostia
2012ko irailaren 2a
00:00
Entzun
Abuztuko etenaldiak ez die berdin eragin 1 Formulako gidari guztiei. Jenson Buttonen mesederako izan da, aspaldian lortzen ez zuen postura itzuli baitzen atzoko polearekin, Belgikako Sari Nagusian. Brawnen garaian lortu zuen azkena, 2009an, Monakon, eta estreinakoa du McLarenekin atzo lortutakoa. Harrigarri aritu baitzen ingelesa, Hamilton taldekidearen denbora txikituz. Hari gehien gerturatu zitzaizkionak ezohikoak izan ziren: Kobayashi eta Maldonado. Venezuelarra, baina, hiru postu atzeratu zuten, zigor bategatik. Laugarren izan zen Spako espezialista, Kimi Raikkonen. Alonso seigarren izan zen, Webberren aurretik. Azken horrek hamabigarren postutik aterako da, ordea, aldagailu berria erabili baitzuen.

Alemanian eta Hungarian ordura arte zeraman bide okerra zuzendu zuen Buttonek. Alta, Belgikako pole-a hobekuntza horren barruan sar daiteke, nahiz eta pronostiko guztiak hautsi dituen. Hamilton zen haren tokian espero zena, baina atzeko aleroi zaharra erabiltzea aukeratu zuen honek, eta okerreko hautua izan zen hori. Lehenago, taldeko arduradunek Button ohartu zuten Hamiltonentzat lan egin beharko zuela martxa honetan, eta hark pole batekin erantzun die, oraindik bere buruan sinisten duela ohartaraziz. Bederatzi lasterketa daudelarik jokoan, ia edonor txapeldun izan daiteke oraindik.

Belgikatik Alonso irtengo da txapelketa horretako buru, bere aldea handituz baitoa igandero. Atzokoa beste saio on bat izan zen espainiarrarentzat, aurkari arriskutsuenak atzetik utzi baitzituen. Bereziki Sebastian Vettel, egungo munduko txapelduna ez baitzen gauza izan autoa Q3an sartzeko. Lasterketa erritmo polita du alemaniarrak, gutxienik postu batzuk irabazten lagunduko diona. Baina txapelketari begira, Alonsoren aurretik amaitu behar du eta horretarako ez dago ondo kokatua. Zaila da txapelketa bat irabaztea lehen hamarren artean egon gabe.

Itzulera operazioak gaur ordubietan izango du momentu gorena. Lasterketak osagai berriak ditu, ezohikoak aurrean baitaude, eta ohikoak atzean. Nahasketa horretatik guztiek atera dezakete etekina, baita euria agertu gabe ere. Ostiralean barra-barra egin zuen euria eta atzo bakarrik atondu ahal izan zituzten autoak, denbora gutxian. Pirellik goma gogorragoak aukeratu ditu aurten Spa-rako, ustez gidariei erasokor izatea ahalbidetuko diena.

Titulurako faboritoak hain atzean izanda, ezer gutxi erabakiko du Belgikako lasterketak. Baina urteko zirkuiturik ederrenak ikuskizun paregabea eman behar du okerrik ezean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.