saskibaloia

Caja Laboral Baskonia, Espainiako Kopako finaletik kanpo

50-78 irabazi dio Real Madrilek. Beste finalerdian Bartzelona 72-64 nagusitu zaio Valentziari. BECen ari dira fasea jokatzen.

2010eko otsailaren 20a
22:31
Entzun
Egurra hartuta utzi du Caja Laboral Baskoniak Espainiako Kopa -iaz bera izan zen irabazle-, gaur gauean Real Madril 50-78 nagusitu zaiolako finalerdian BECen (Barakaldo, Bizkaia). Lehen laurdenean ondo aritu da Gasteizko taldea (18-17 aurretik), Fernando San Emeterio eta Stanko Baracen jokoari esker (zazpina puntu), baina handik aurrera asko nabaritu du Tiago Splitter pibotaren baja -min hartuta dago-.

Gainera, Caja Laboralek arazoak ditu jokoa antolatzeko orduan, ez baitu base peto-petorik edo onik -hori izan da urteetan haren ardatz nagusietakoa, Pablo Laso, Elmer Bennett, Jose Manuel Calderon eta Pablo Prigionirekin-.

Bigarren laurdenaren bukaeran 27-40 zihoan atzetik Caja Laboral, eta handik aurrera aldea handitu besterik ez da egin. 50 puntu baino ez ditu egin Baskoniak, denboraldi honetan partidako 80 puntutik gora dabilenean.

Darjus Lavrinovic Real Madrileko pibota izan da jokalaririk onena: 21 puntu. Rimantas Kaukenas haien hegala ere oso ondo: 15 puntu. Caja Laboralen San Emeterio eta Lior Eliyahu izan dira saskiratzailerik onenak: hamarna puntu. Partidako fitxa hemen.

2007ko final bera

Regal Bartzelona izango da bihar Kopako finala jokatuko duen beste taldea, gaur arratsaldean Power Electronics Valentziari 72-64 irabazi baitio finalerdia.

Partida Bartzelonak berak dominatu du: 22-13 zihoan aurretik aurreneko laurdenean, 35-32 atsedenean, 55-49 hirugarren laurdenean (hor, dena dela, Valentzia une batez aurretik izan da: 46-47). Azkeneko bi laurdenetan Ricky Rubio basearen jokoa erabakigarria izan da, erritmo bizia ezarrita partidari.

Fran Vazquez Bartzelonako pibota izan da neurketako jokalaririk onena: 16 puntu, sei errebote, bost baloi lapurtu. Rubiok 14 puntu sartu ditu. Valentzian, Matt Nielsen pibota onena: 19 puntu. Partidako fitxa hemen.

Bartzelonak eta Real Madrilek finala bihar 19:00etatik aurrera jokatuko dute; orain arteko partida denak bezala, BECen. 2007an ere ekipo berak izan ziren finalean; Bartzelona txapeldun orduan. Real Madrilek 1993an lortu zuen azkeneko aldiz Kopa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.