Caja Laboralek eta Lagun Arok derbia jokatuko dute gaur

Dragic eta Seraphin kantxan izanen dira; Baskonia gorabeheratsu ari dela baliatu nahi dute gipuzkoarrek

Andoni Urbistondo.
2011ko abenduaren 4a
00:00
Entzun
Itxuraz, inoiz baino irekiagoa izanen da ligako lehen euskal derbia. Lagun Aro eta Caja Laboral oso aldenduta daude sailkapenean, hamaika postu, eta egoera normala balitz, faborito bakarra legoke: Baskonia. Askoz talde indartsuagoa delako eta etxean jokatzen duelako. Kontua da, ordea, arabarrek konfiantza gutxi ematen dutela. Nora ezean dabiltza, orain ondo, hurrena penagarri, eta batek daki eguerdian zer ikusiko den: batzuen erakustaldia eta besteen belaunikatzea, edo batzuen ezina eta errealitatea iraultzeko besteen oldarraldia.

Jakina da Lagun Arok neurria eman, emango duela. Orain arteko zazpi partidetan eman duelako. Neurria ematea, ordea, ez da nahikoa, Sito Alonsoren taldeak zazpi partida galdu dituelako dagoeneko. Entrenatzaileak berak aitortu zuen neurria eman eta lehiatzeaz nekatu samar zegoela, nahiko lukeela hain lehiakor ez izan eta garaipenen bat gehiago edukitzea poltsikoan. 2-7 balantzea edukita ere, donostiarrek oso balantze ona dute sartutako eta hartutako puntuen artean: -15. Ia beti gertu ibili direla esan nahi du horrek.

Nahikoa izango al da hori gaur? Ezin jakin baloia mugimenduan jarri arte. Baskonia txarrena ere Lagun Aro onena menderatzeko gai baita. Nor harrituko litzateke gasteiztarrek 15 edo 20 punturen alde erosoarekin irabaziko balute? Inor ez. Kalitate handia dauka taldeak, eta asmatzen dutenean, geldiezinak dira. Estudiantesen aurka gertatutakoa, adibide onena. Zalantza askorekin jokatu zuten Madrilen, baina 20 punturen aldearekin irabazi zuten: 54-74.

«Gaur jaurtiketak sartu ditugu; beste batzuetan ez». Analisi hotz hori egin zuen orduan Ivanovicek, eta une hartan oharkabean pasa bazen ere, bi aste pasa ostean, egia biribila esan zuela jabetu dira zaleak. Baskoniak asmatzen duenean jai dago, baina kale egiten badu, akabo. Erdibiderik gabe ari da, daukan indar guztia kanpoko jaurtiketetara bideratuz, eta apustu arriskutsua da hori.

Lagun Aroren erronka Baskonia hiruko behartuak egitera behartzea da. Hori egin eta asmatzen badute, epelak entzungo dituzte, baina banan-banan nagusi da Baskonia, eta bat edo beste aukeratu beharko dute donostiarrek. Besteak beste, saskipeko jokoan zereginik ez dutelako. Betts eta Doblas Seraphin eta Dorsey baino gutxiago dira, lehen bikotea apal samar ari bada ere.

CAJA LABORAL-LAGUN ARO

Txapelketa. Endesa Ligako 10. jardunaldia.

Caja Laboral Baskonia. Prigioni, Heurtel, Dragic, Oleson, Pau Ribas, San Emeterio, Nemanja Bjelica, Teletovic, Calbarro, Dorsey eta Seraphin.

Lagun Aro GBC. Neto, Salgado, Papamakarios, Lander Lasa, Jimmy Baron Jr., Vidal, Julen Olaizola, Panko, Adeleke, Doblas eta Betts.

Sailkapena. 5. postuan dago Baskonia: 6-3 (+40); Lagun Aro 16. da: 2-7 (-15).

Tokia. Iradier Arena (8.600 eserleku).

Ordua. 12:30 (ETB 1).
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.