Espainiako Vueltako antolakuntzak Caja Rural taldea gonbidatu du aurtengo edizioan parte hartzera eta, ondorioz, Nafarroako taldea lehen aldiz ariko da proba hartan. Iruñetik abiatuko da Vuelta, abuztuaren 18an. Irailaren 9an bukatuko da, Madrilen.
"Pozik eta harro gaude gonbidatu gaituztelako. Lan handia egin dugu lortzeko, eta orain berdin edo are gehiago eta hobeto lanean jarraitzea besterik ez dugu Vuelta ona egiteko. Talde osoaren ilusioa eta itxaropena da. Gonbidapena Caja Rural babesleari eskertu eta eskaini nahi diot, ematen digun babes guztiagatik", esan du Mikel Azparren taldeko managerrak.
Euskaltel-Euskadi ere ariko da Vueltan, ohi den bezala. Beste taldeak: AG2R, Astana, BMC, FDJ-Big Mat, Garmin-Barracuda, Greenedge, Katux, Lampre-ISD, Liquigas-Cannondale, Lotto Belisol, Movistar Team, Omega Pharma-Quickstep, Rabobank, Radioshack-Nissan, Sky, Saxo Bank eta Vacansoleil-DCM.