Babak eltzetik ateratzen iaioena ez bada, iaioenetarikoa da Caleb Ewan (Lotto). Esprint bideratzailerik gabe tropelaren aurrealdean zirrikituren bat aurkitzen du sarritan, eta aurkariaren gurpilaren atzean jarrita, indarrak ongi neurtuz, bikain menderatzen ditu ondoan dituenak. Gaurkoan, australiar txikia izan da bi besoak gora altxa dituen txirrindularia, bigarrenez aurtengo Frantziako Tourrean. Azken gerri kolpean nagusitu zaie Sam Bennett (Deceuninck) eta Wout Van Aerti (Jumbo Visma). Hirugarren postua belgikarrari eman diote antolatzaileek; izan ere, Peter Sagan (Bora) gaurko lasterketatik kanporatu dute, Van Aerti esprinteko azken metroetan enbarazu egiteagatik.
Frantziako Tourreko hamaikagarren etapa Chatelaillonetik hasi eta Poitiersen amaitu da. 167 kilometro egin behar izan dituzte guztira txirrindulariek, eta, ibilbidean zehar, laugarren mailako mendatetxo bat igo behar izan dute. Gaurko etapak ere aurreikusitako gidoia izan du, hori bai, ihesaldian txirrindulari bakarra egon da: Mathieu Ladagnous (Groupama). Frantziarrak tropelarekiko izan duen alderik handiena 5 minutukoa izan da, baina 43 kilometro falta zirenean ehizatu du tropelak. Amaierako zuzengunea iritsi aurretik, ordea, Lukas Postbelger (Bora) txirrindulariak zalaparta sortu du tropelean, eta Deceuninck taldeko Bob Jungels eta Kasper Asgreen joan dira haren atzetik, austriarrak utzitako zuloa ixteko asmoz. Handik gutxira irentsi du pelotoiak. Oilarrek, bestalde, lasai amaitu dute gaurko etapa, eta Primoz Roglicek (Jumbo Visma) jarraitzen du lider.
Kolpea Ion Izagirrerentzat
Ohi bezala, azken kilometroetan liderrek tropelaren buruan kokatu nahi dute arriskurik ez izateko, eta, zalaparta handitzearekin batera, erorikoak gertatzeko aukerak ere areagotu egiten dira. Bada, Ion Izagirrek (Astana) erorikoa izan du etapa amaitzeko 29 kilometro falta zirenean. Buruan kolpea hartu du, eta telebistako irudietan lurrean eserita ikusten zen, aurpegitik odola zeriola. Bizikleta gainean jarraitzeko gai ez zen, eta lasterketa utzi behar izan du ormaiztegiarrak. Astanak ohar batez jakitera eman duenez, Izagirrek lepauztaia hautsi du, eta erietxera eraman dute. Horrenbestez, bigarrenez erretiratu da Tourretik Izagirre. Lehena, 2017an, itzuliko aurreneko etapan, Dusseldorfen (Alemania).
Esprinterrek Tourreko azken-aurreko aukera izan dute gaur garaipena lortzeko, izan ere, Parisera iritsi arte etapa menditsuak eta gorabeheratsuak izango dituzte. Bihar, esaterako, 218 kilometroko etapa korritu beharko dute, sasiesprinterrentzat zein mendate laburretan ongi moldatzen direnentzat egokia.