Athleticek etxeko talde modura jokatu zuen atzoko finala. Taldearen antzinatasunarengatik zen berez, baina erabaki hori errealitatearen isla baino ez zen izan. Bartzelonako kaleak Bilbo izan zirelako atzo. Ez ziren Ramblak, Bilboko Kale Nagusia zen, eta carrer-ak kaleak ziren: Pozas izan zitezkeen denak. Ez da esajerazioa, egun osoan kalean ikusi ahal izan ziren elastiko ia bakarrak zuri-gorriak izan zirelako, eta oihuak, ondo ezagunak: «Athletic gu gara», «Athletic beti zurekin»... Eta umoreko zeudenak: «Bartzelonazale bat ikusi dut». Estadiora ere zabaldu zen, eta batek baino gehiagok izena aldatzeko eskatu zuen: Camp Mames izango da aurrerantzean.
Goizean goizetik nabaritu zen uholdea, baina eguerdi aldera jo zuen gaina. Bartzelonako portuan hasi zen festa, Kataluniako Athleticen zaleen taldeek antolaturiko Gabarrarekin. Ehunka lagun zain zituen portuan, eta Javi Palacio Gure Txokoko jarraitzaile taldeko ordezkariak hartu zuen hitza. «Santurtzitik irten eta lau hilabete daramatzagu arraunean. Emazteek non gauden ez dakite. Baina denak merezi izan du Bartzelonara iritsi eta partida irabazteko». Ontzian ziren baita ere Galder Segurola, Kantari sakelarako aplikazioaren sortzailea, eta Lander Santa Maria-Amurrio bilbotarrak. Ontzi barneko giroa berotzeko deitu zieten, eta ondo bete zuten zeregina. «Athleticen berrogei abesti baino gehiago dauzkagu, gaztelaniaz eta euskaraz, eta ontzian denak abestu ditugu!». Jai giro aparta zeukaten ontziaren inguruan.
[Youtube]https://youtu.be/-jg7czO-mlM[/Youtube]
Irudi ikusgarriak ikusi ahal izan ziren portuan. Ontzia astelehenean berriz ikustea espero zuten gehienek, baina egon zen, badaezpada ere, argazkia egin zionik ere, gordetzeko. Gabarra lehorreratu zenean, berriz, banderak ordezkatu zuen arreta gunea. Berez 100 metroko bandera bat egin zuen Gallartako Gaizka Toquero jarraitzaile taldeak, baina Bartzelonara 50 metrokoa «bakarrik» ekarri zuten. «Bere garaian Bilbon ateratzen saiatu ginen, baina, hauteskunde bezpera zenez, ez ziguten utzi. Athleticek ere ez zigun baimenik eman estadioan sartzeko; bada, hona ekarri dugu. Bilbotarkeria hutsa da, Bartzelonan argi ikus dadin zer den Athletic sentimendua», azaldu zuen Kepa Fernandezek, taldeko kideak. Gallartako zaleek hartu zuten burua, eta ehunka zalek eutsi zioten bandera erraldoiari. Colonen plazan gora joan ziren, Athletic Hiria guneraino.
Bazkalduta, eromena berriz
Eguerdi partean, zaleek jatetxe eta tabernak hartu zituzten. Rambletatik Auzo Gotikora. Ikusgarria zen Carrer de Ferranek, bi eremuak lotzen dituen kaleak, zuen itxura. Bazkalostean zale gehienak Athletic Hirian bildu ziren. Zurrumurrua zabaldu zen: 90.000 zeuden Bartzelonan. Izan zitekeen, jendetza handia pilatu zelako.
Athletic Hiria besarkada eta besteko gune izan zen, mila istoriorenak. Horietako bat, esaterako, Imanol Leizabe elgoibartarrarena, Tamara Vaquero bikotekidearekin Stuttgartik sarrerarik gabe espresuki Bartzelonara joana. «Astelehenerako itzuli behar dut. Penaz nago Gabarra ezingo dudalako ikusi». Atzoko istorioetako bat da hori, baina milaka egon zitezkeen, irudi hunkigarri asko egon zirelako. Asko, Doctor Deseoren kontzertuak girotuta. Edaririk ere ez zen falta izan; beharrezkoa beroari aurre egin eta zintzurrak behar bezala bustitzeko.
Eta handik, estadiora. Athleticzaleek metro geltokiak kolapsatu zituzten, eta jende pilaketak egon ziren. Camp Mamesera iristea ez da erraza, eta jendetzak kostata egin zuen aurrera. Exodo itxura zuen, ilusio batekin zihoan herriarena. Elkarrekin eta kantuan. Nabarmentzekoa Bartzelonaren zaleekin izandako harreman ona. Arazorik ez kaleetan. Eta partida aurrekoak? Ikaragarriak. Harmailetako giroan ez zen kolorerik izan: athleticzaleek irabazi zuten.