Berdinketa batek garaipen askok baino askoz gehiago balio dezaketela erakutsi zuen Athleticek herenegun Camp Noun, Espainiako Kopako final-zortzirenetako joanekoan. Inork ez zuen zuri-gorriengan sinesten. Inork ez zuen espero Joaquin Caparrosen Athletic gai izango zenik Pep Guardiolaren Bartzelona eusteko. Lortu zuen. Eta ez zen zorteari esker izan. Messi, Iniesta eta enparauak ez ziren gai izan zuri-gorrien armiarma-sarea gainditzeko. Ondo egindako lanaren saria lortu zuen Athleticek. Taldeak bizirik jarraitzen du Kopan. Baina hori bezain garrantzitsua da, arrazoi batzuk edo beste tarteko, zaleen eta entrenatzailearen jomugan dauden zenbait futbolarik konpromiso handiko lehia batean eman zuten maila. Eurak dira Camp Nouko norgehiagokako irabazleak.
Ustaritz Aldekoaotalora Ikusgarri
Ez da erraza zuri-gorri bat beste guztien gainetik nabarmentzea. Guztiek egin zuten lan bikaina defentsan Camp Noun. Baina jokalari baten lana goraipatu behar bada, Ustaritzena da. Abadiñoko erdiko atzelariak bere kirol ibilbideko neurketarik osoenetakoa jokatu zuen. Neurketa osoan egon zen adi. Ez zuen zulorik utzi. Bere azkartasuna baliatu zuen jokaldi guztietan Bartzelonako aurrelariei aurrea hartzeko. Goitik eta behetik ibili zen fin. Aparta izan zen bere ekarpena. Javier Clementek lehen taldera igo zuenetik aurreikusten zitzaizkion dohain bikainak erakutsi zituen Bartzelonaren aurka. Giharretako lesioak dira bere arantza nagusia. Era berean, Caparrosek ere ez du sekula bere aldeko apustu garbia egin. Beste atzelari batzuk falta izan direnean baino ez du zelairatu. Lesioek eta teknikariaren erabakiek eragina izan dute futbolariaren konfiantzan. Camp Nouko partidak aurrerapauso bat emateko balio diezaioke. Athleticek behar du. Maila oneko jokalariek duten dohainak erakutsi ditu behin baino sarriago, baina jarraikortasuna falta zaio.
Ander Iturraspe Ezusteko nagusia
Erdilari bizkaitarra oso gutxi ari da jokatzen. Denboraldi-aurre ona egin ostean, sasoia hasierako hamaikakoan hasiko zuela zirudien. Baina Caparrosek, ezustean, Gurpegiren eta Javi Martinezen aldeko apustua egin zuen. Hori gutxi ez, eta Orbaizek ere aurrea hartu dio txapelketaren lehen txanpan. Iturraspek neurketa bakarra jokatu du hasieratik. Jokatu dituen gainerako sei alditan partidaren azken txanpan zelairatu dute. Gehienetan, egin beharrekoa eginda zegoenean. Ez diote bere maila erakusteko aukerarik eman. Horregatik izan zen ezustekoa Camp Noun hasieratik aritzea. Berea ez den postu batean jokatu zuen, gainera: bi euskarrien aurretik. Ez zuen baloiarekin gozatzeko aukera handirik izan, baina oin artean izan zuen apurretan erabaki zuzenak hartu zituen. Bestalde, gainerako taldekideen antzera, fin aritu zen defentsan. Gustura egoteko arrazoiak ditu, ez baita erraza gutxi jokatu eta maila ona ematea. Gehiago jokatzea merezi duela erakutsi zuen. Baina, era berean, onartu beharra dago euskarrian jokatzeko lehia handia dagoela. Ez dezala etsi. Lehenago edo geroago aukera emango diote. Ea azken prentsaurrekoetan baino baikorrago azaltzen den aurrerantzean.
Javi Martinez Nekaezina
Aiegiko euskarria ez da fin aritu denboraldiaren lehen herenean. Joan den sasoian baino askoz maila eskasagoa eman du orain arte. Hala ere, Caparrosen konfiantza osoa dauka. Taldeko bizkarrezurretako bat da, zalantzarik gabe. Beraz, bistan da haren arazoa ez dela jarraikortasuna izan. Ez dauka autoestimu faltarik, baina ez da ondo aritu. Beharbada nekatuta egongo da. Izan ere, profesional denetik ia ez du atsedenik hartu. Hamar hilabete lehiatzen egon ostean, urtero izan du nazioarteko lehiaketaren bat. Camp Noun ez zitzaion nekerik nabaritu. Lehia gogorra izan zuen Xavi, Keita eta euren inguruan agertzen ziren futbolari guztiekin. Ez zen kikildu, eta, askotan, garaile atera zen. Sekulako lana egin zuen Gurpegiren ondoan.
Gorka Iraizoz Alde ona oraingoan
Athleticeko atezainak aurpegi bi erakutsi ditu orain arte: ona eta txarra. Zenbait partidatan taldeari puntuak emateko gai izan da. Beste neurketa batzuetan, aldiz, porrotera eraman du Athletic. Huts larriak egin ditu, eta bere ingurukoak urduri jarri ere bai. Inork ez daki zer egiteko gai izango den neurketa bakoitzean. Baina argi dago atezain baten inguruan gorabeheratsua dela esatea ez dela positiboa. Gelditu daitekeen guztia gelditzeko eskatu behar zaio Lehen Mailako atezain bati. Eta geldiketa bikainak egiteko gai bada, askoz hobe. Camp Noun bere alde ona erakutsi zuen. Ez zuen espero zen lan guztia izan, baina aurkariak estutu zuenean ondo erantzun zuen. Denboraldi honetako hainbat partidatan ez bezala, seguru aritu zen partidan, hasi eta amaitu, kontzentrazio hutsik egin gabe.
Camp Nouko irabazleak
Athleticeko zenbait jokalarirentzat galdutako autoestimua berreskuratzeko partida izan daiteke Bartzelonan jokatutakoaUstaritz, Iturraspe, Javi Martinez eta Iraizoz nabarmendu ziren Kopako joaneko partidan
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu