Realaren aginte makila hartuz geroztik izan duen erronkarik gaitzenari aurre egingo dio gaur gauean Philippe Montanierrek. Egungo futbol jokalekurik krudelenetik —hala da txuri-urdinentzat, zalantzarik gabe— onik ateratzeko zeregina izango du. Baldin eta gipuzkoarrek horretarako argudio sendorik badute, horiek azaleratzea da frantziarraren betebehar nagusia Camp Noun. Porrotetatik ere indartuta atera daitekeelako bat. Izaera lehiakorra erakutsiz baino ez du lortuko helburua, iraunkortasuna. Orain arteko gabeziarik aipagarriena.
Hemerezi pertsona eraman ditu Montanierrek Kataluniako hiriburura, tartean Agirretxe, Demidov eta Javi Ros gaztea. Horietako bat kanpoan utziko du, azkenerako. Hasierako hamaikakoari begira, baliteke Montanierrek asmakizunen bat prestatuta izatea ohiko 4-3-3 marrazkia moldatzeko. Ezin daiteke baztertu bosteko lerroa osatzea atzean, ez eta Demidov zelai erdian kokatzea ere, Markel eta Aranbururen aldamenean. Etxekoen barruko joko jarioa eteteko mugimenduak izango lirateke horiek. Betikoari eutsiz gero, Ruben Pardok ordezkatuko luke Zurutuza, eta aurrean Prieto ariko litzateke Agirretxeren ordez.
Bartzelonak sei jokalari falta ditu: Villa, Pedro, Keita, Iniesta, Afellay eta Fontas. Xavik ere arazoak izan arren, Pep Guardiola ez dago nahi duenari atseden emateko moduan. Hain zuzen, Real Madrilen garaipen uholdeak huts egiteko tarterik gabe utzi du. Gainera, talde zuriak Getafen lortutako emaitzaren berri izango dute. Horrek ez die mesederik egingo txuri-urdinen aukera apurrei.
Bartzelonaren Camp Nouko ibilia benetan ikaragarria da ligan: Sevillak soilik lortu du puntu bat urratzea, eta, Betisek izan ezik —bi gol sartu zituen hanjokaturiko azken norgehiagokan—, gainerakoek ez dute lortu Victor Valdesen sarraila sendoa apurtzerik. Datuok Guardiolaren arora garraiatu eta batez bestekoa eginda, are beldurgarriagoa da lantegia. Hiru aldiz zulatzen dute kanpoko taldearen atea partidako, eta gol erdia hartu. 67 neurketatan, Espanyol, Osasuna eta Hercules baino ez dira gai izan hiru puntuak eskuratzeko, eta azken 48 neurketetatik 43 dituzte irabaziak. Hitzak soberan daude.
Bartzelona ez dago onenean
Zorionez, futbolak hiruzpalau itxaropen emango dizkio Realari: bat, lasai jokatzeko moduan atera daitekeela, aspaldiko partez; bi, etxetik urrun Anoetan baino fidagarriagoa izaten ari dela; eta hiru, azkenaldian kataluniarrek eskuragarriago diruditela eta Messik lurtarragoa. 3-4-3 joko sisteman ari dira, Xavi, Busquets, Iniesta eta Cesc erdilari bikainek tokia zain dezaten. Arau bihurtu da hori, baliabide izan beharrean, eta ez du beti fruiturik eman. Camp Noun eta beste hainbat neurketa garrantzitsutan bai; Bernabeun, esaterako. Baina etxetik kanpo arazoak izan dituzte, eta hamahiru puntu galdu dituzte.
Realak, aurreko denboraldian, lotsarenak ere ez zituen egin Camp Noun: Valdesek ez zuen baloirik atzeman, jaurtiketa bakarra, bederatzi falta… Urtebeteren buruan Reala lehiakorragoa ote den ikusteko balioko du lehiak. Hotzaldiak ere neurketa zuzenean ikusteko asmoa du. Zero azpitik lau gradu espero dira.
Camp Nouko tontorraren bila
Lehen Mailako zelairik gaiztoenean ere lehiakorra izaten badakiela erakutsi nahi du gaur Realak, Bartzelona handiaren aurkaAgirretxe, Demidov eta Ros badaude 19ko zerrendan; Zurutuza eta Elustondo ez
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu