Etxeko taldeak lehenbailehen amaitu nahi izan du hitzarmena jokalariarekin. Osasun azterketa atzo egin zioten, Madrilen. Jokalariak sinatu du dagoeneko hitzarmena; ondo bidean, 2018. urtera arte elastiko txuri-urdinarekin zelairatuko da.
Atzo, azken orduan baieztatu zuen Donostiako taldeak Canalesen fitxaketa, Valentziak hitzarmenaren onarpena jakinarazi zionean. Valentziako zuzendaritza taldeak adierazi zuen “diru beharrean” daudela. Real Madrileko jokalari ohia da Canales, eta 2012. urtean fitxatu zuen Valentziak, 7,5 miloi euroren truke; 4,5 miloi euro oraindik ez ditu ordaindu.