Txirrindularitza

Cancellararen beste erakustaldia

Tourreko liderrak azkeneko kilometroan atzean utzi du tropela, aurrekoak harrapatu egin ditu eta etapa irabazi du.

2007ko uztailaren 10a
18:56
Entzun
Fabian Cancellara liderrak kilometro bateko 'erlojupekoa' egin du gaur, Tourreko hirugarren etaparen bukaeran: aurretik lau ziklista zihoazen ihes eginda, kilometro bat falta zen, tropela 20 segundo eskasera zegoen, bera tiraka hasi da, aurrekoak harrapatu ditu, atzean utzi ere bai, tropelak ezin izan du bera harrapatu eta etapa, beretzat. Erakustaldia eman du, lehengo larunbatean 7,9 kilometroko aitzin-etapan bezala.



Tourreko etaparik luzeena korritu dute gaur (Waregem-Compiegne, 236,5 kilometro; itzuliko hirugarrena), baita orain arteko aspergarriena ere, gauzak oso lasai hartu dituztelako txirrindulariek. Ordubete pasako atzerapenarekin heldu dira. Erik Zabel esprinterra izan da bigarren, Cancellararen denbora berean.

Nicolas Vogondy eta Matthieu Ladagnous ihes eginda egon dira zazpigarren kilometrotik azkenera arte -184.ean Stephane Auge eta Frederik Willems elkartu zaizkie-, hamabi minutuko aldea izan dute gehienez (54. kilometroan), baina azkeneko metroetan Cancellarak gainditu egin ditu.

Liderrak berak atzo, helmugatik bi kilometrora izan zen erorikoan, min hartu zuen ezkerreko eskumuturrean, baina gaur irten du, eta lidergoari eutsi ez ezik, aldea handitu egin du, garaipenak emandako 20 segundoei esker.

Tourreko laugarren etapa korrituko dute bihar: Villers Cotterets-Joigny (193 kilometro). Laugarren mailako lau mendate izango dituzte.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.