Cantu garaituta, barruan da Bilbo Basket; bestela, agur

Talde menderakaitza da Italiakoa, eta Gianella fitxatu dute; bederatzi puntugatik irabazi zuen Cantuk joanekoan

Andoni Urbistondo.
Donostia
2011ko abenduaren 7a
00:00
Entzun
Denboraldi luze baten buruan badira giltzarri izaten diren partida batzuk. Horietako bat jokatuko da iluntzean Miribillan (20:30, ETBK). Gescrap Bizkaiak Bennett Canturen aurka jokatuko du, garaipena lortzeko premiarekin. Ez da derrigorrezkoa, baina bai oso garrantzitsua. Galtzen badu agur esango baitio ia ziur Top 16ari. Beste taldeen emaitzen baitan geratuko litzateke, bere azken bi partidak irabazteko beharraz gain, eta, A multzoko parekotasuna ikusita, alferrikakoa izan liteke mesede zain egotea.

Hogeita bat norgehiagoka jokatu dira denera ligatxoan, eta horietatik hemezortzi etxeko taldeek irabazi dituzte. Estatistika horretara, eta etxetik urrun erakusten ari den ezina erabiltzen du Katsikarisen taldeak gaurko garaipenaren garrantzia nabarmentzeko. Partida jokatu aurretik, multzoko laugarren dira bizkaitarrak, eta, garaipena lortuta, noski, postu horretan edo gorago bukatuko dute jardunaldia.

Lasaitasuna irabaziko du, gainera, gaur jokatuko den multzoko beste partidako emaitzari so egoteko. Izan ere, ordu erdi geroago hasiko da Nancy eta Fenerbahceren arteko neurketa. Bertako bi emaitzak dira onak Bizkaiarentzat, baina aukeran, nahiago turkiarrak irabaztea eta Nancy ia-ia Top 16a jokatzeko aukerarik gabe uztea. Bizkaitarrek galdu egin zuten etxean Turkiako taldearen aurka, eta Istanbulen jokatu behar dute oraindik. Arretaz jarraitzeko modukoa izanen da Bilbo aldean, era berean, Caja Laboralek bihar Atenasen Olympiakosen aurka jokatuko duena. Bi emaitzak dira interesgarriak, baina komenigarriagoa, agian, Baskoniak Greziako taldea menderatzea, bizkaitarrek poltsikoan baitute puntu aldea haiekin.

Bilbo aldean ez dira batere fidatzen Canturekin. Jakin badakite etxetik urrun jaitsi egiten duela bere errendimendua, baina joan den astean Baskoniari 25 minututan eman zioten astinduarekin gogoratzen dira: «Talde serioa da, gauzak ondo egiten dituena, eskarmentu handiko jendearekin. Puntu gutxiko partida lortu nahiko dute, Italian gure aurka lortu zuten bederatzi punturen aldea babesteko asmoz, eta guk erritmo geldo horretatik ihes egiten saiatu behar dugu, korrika egiten dugunean emaitza hobeak lortzen ditugulako». Katsikarisen esana.

78-69 galdu zuen Gescrap Bizkaiak Cantun, eta Bilbon denek dakite gau perfektua garaipena eta puntu alde hori gainditzea litzatekeela. Katsikarisek ere bat egiten du egoera horrekin, baina bestelako pentsamendua bota zuen atarikoan: «Puntu aldeari bueltako asmoarekin kantxaratzen bagara, akabo. Mila aldiz gertatu zaie taldeei, eta guk ez dugu halako hutsegiterik egingo. Irabaztea nekeza izango dela ziur nago, eta garaipena ondo lotuta dagoenean bakarrik hasiko gara zortzi punturen aldean pentsatzen». Ulertu nahi duenarentzat.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.