Cantuko emaitzak erabaki ditzake Top 16ko txartelak

Garaipena lortu nahi du Bilbo Basketek gaur Cantun, baina puntu gutxigatik galtzea ere garrantzitsua izan liteke

D'Or Fischer, baloiarekin, Murtziaren aurkako partidan. MONIKA DEL VALLE / ARP.
Andoni Urbistondo.
2011ko azaroaren 3a
00:00
Entzun
Ikasi dute. Badakite zer dagoen. Muturreko on bat jasotzea baino ezer hoberik ez, akatsak ez errepikatzeko. Euroliga ez da liga. Euroligan ez dago aurkari errazik, are gutxiago etxetik at jokatzen denean. Nancy ez da Bilbo Basket baino talde hobea, baina txarragoa ere ez, eta kontzeptu hori lehenbailehen ulertzea komeni. Antzekoa delako Bennett Cantu. Talde txukuna, eta Nancy baino talde osatuagoa, sendoagoa. Italiarrek Baskonia estutu zuten pasa den astean Gasteizen, eta haien kalitatea handia dela esan nahi du horrek. Asko dago jokoan Cantun gaur. Garaipenak bultzada handia eman diezaioke Bilbo Basketi, baina puntu gutxigatik galtzea ere ez litxateke uzta txarra.

Nancyn azken bi minutuetan gertatutakoa saihestea da lehen helburua. Hamalau puntugatik galdu zuten bizkaitarrek, eta zama astuna bilaka liteke hori ligaxka bukaerara iristen den heinean. Aintzat hartu behar da berdinketa kasuetan, berdinduta dauden taldeen arteko partidetako emaitzak erabiliko direla berdinketa hausteko. Kontuak egiten hasiak dira batzuk, halere, eta A multzoaren bilakaera ikusita, litekeena da Nancyko kolpea hain larria ez izatea.

Batez ere Olympiakos eta Fenerbahce ez direlako uste zena bezain sendo ari. Bi horiek, Baskoniarekin batera, Top 16a jokatzeko txartela ziurtatua zutela uste zen, baina lehen bi partidek justu kontrakoa erakusten dute. Alegia, bi talde horiek ere majo sufrituko dutela hurrengo fasea jokatzeko. Baskonia bakarrik dago, eroso, momentuz. Beste bost taldeak zalantza askorekin, eta hori ona da Bilbo Basketentzat. Aste batzuk atzera, bizkaitarrek multzoko laugarren postua zuten begiz jota. Gaur bigarrena edo hirugarrena ere lortzeko modukoak direla sumatzen da.

Zer esanik ez Cantun garaipena lortzen bada. «Garaia da, dagoeneko, etxetik urrun uzta biltzeko», esan du Fotis Katsikarisek. Bilbo Basketek hiru partida jokatu ditu etxetik urrun, eta hirurak galdu ditu, eta entrenatzaileak erronka zaila dutela onartu du: «Baskoniaren aurka lan bikaina egin zuten, eta talde serioa da, diziplina handiarekin jokatzen duena, eta tontakeri gutxi egiten dituena». Katsikarisen ahotan, «Cantu bloke sendoa da, ez Nancy bezala, lau jokalari on dituen taldea. Puntu gutxiko partidetan hobeto moldatzen dira, eta haien kemena defentsa lan ona da. Alor horretan lan ona egiten badute arriskutsuak dira erasoan».
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.