iritzia

Capello hizpide

Aitor Manterola eta Jose Mari Amorrortu BERRIAko zutabegileek Ingalaterrako hautatzaileari buruz idatzi dute gaur Munduko Kopako gehigarrian.

2010eko ekainaren 24a
22:34
Entzun
Jabulani maitea

(Aitor Manterola kazetari eta entrenatzailea)

Atzoko Ingalaterra ezagutu egin zuen Fabio Capellok. Hiru partidetan onena jokatu behar izan zuten jokalariek entrenatzailearen txaloa jasotzeko. Gol batez irabazi zuen, baina errazago gailentzeko jokoa eta aukerak egin zituen, egia esan.

Baloiarekin beste bi partidetan baino hobeto aritu ziren ingelesak. Zelai-erdian erraz mugitu zuten; ia beti, hegal batetik bestera; normalean, ezkerretik eskuinera. Gerrard kapitainak ezker hegalean jokatu zuen, eta on egin zion taldeari baloia norabide horretan mugitzeko. Berak hartzen zuenean, barrurantz jotzen zuen askotan, oinetan eramanez edo taldekideren bati emanez eta besteak itzuliz. Onartu behar da, ordea, esloveniarrak oso atzean sartzen zirela baloia galtzean, eta horrek erraztu egin zizkien gauzak ingelesei.

Partida aurrera zihoala, Eslovenia ere hasi zen baloia aurreneko zatian baino hobeto erabiltzen. Ondorio txiki bat: gorago iristen zen.

Ondorio handi bat: ingelesek ondo jokatu zuten baloiaren jabetzan oinarrituta. Esloveniarrak gora heltzen hasi ziren, baloia denbora gehiagoz edukitzearen eraginez. Baloiaren jabe egitea eta jokoari sakontasuna ematea funtsezkoa da futbolean. Jabulani laguna da, ez etsaia. Jabulani izenak ospatu esan nahi du zuluen hizkuntzan, eta baloiaren lagun egiten denak zer ospatua izaten du askotan. Ez al da hala, Capello jauna?

Capelloren eragina

(Jose Mari Amorrortu entrenatzailea)

Denboran atzera egingo dut gure pertsonaia definitzen duen bitxikeria bat kontatzeko. Fabio Capellok bere herrialdean, Italian, osatu zuen bere kirol ibilbidea; Juventusen batez ere. Vecchia Signora-rekin hiru aldiz irabazi zuen Scudettoa. Gero Milanekin fitxatu zuen, eta han aritu zen erretiroa hartu arte.

Irudi bat berreskuratu dut nire memoriatik, eta uste dut horrek argi asko azaltzen duela Capelloren nortasuna. Athletic txapeldunordea izan zen 1976-1977ko denboraldiko UEFA Kopan, eta kanporaketarik gogoangarrienetakoa Milanen kontra jokatutakoa izan zen. Gau ahaztezina izan zen, eta 4-1 irabazi genuen San Mamesen, Capello lagunak berak 0-1ekoa sartu arren. Itzuliko lehia San Siroen jokatu zen 1976ko abenduaren 8an, eta gure pertsonaia ez zen aritu. Halere, ezin Capello ahaztu: han, aldageletatik zelairako tunelean, ardi larruzko beroki marradun bat jantzita, eta bere taldekideei sutsuki mintzatzen.

Entrenatzaile itxurako morroi bat ikusi nuen, artean jokalaria zen arren. Leundugabeko gizon bat zen, beldurra ematen zuena, bere taldekideei kanporaketa iraultzeko behar zuten indarra transmitzen ziena. Orduan hasi zen nortasun gogorreko gizonaren fama zizelkatzen. Ingalaterrara heltzean komentario mordoa egin ziren haren inguruan; onak gehienak. Selekzioak garai zaharrak gogoratu nahi ditu bererakin. Kondairak bizirik dirau.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.