Zer egin porrot hitzari lotuta dagoen selekzio bat konpontzeko? Bada, porrot hitzarekin muturtuta dagoen entrenatzaile bat fitxatu. Esan eta egin. 2008ko urte hasieran Fabio Capellok hartu zuen Ingalaterra zuzentzeko ardura. Italiarrak inork baino hobeto betetzen zituen betebeharrak. Haren hiztegian garaipen hitza nabarmentzen da beste guztien gainetik, hiztegian eta curriculum-ean. Haren garaipen zerrenda ikusi besterik ez dago; zuzendu dituen talde guztiek irabazi dute gutxienez titulu bat, eta ez nolanahikoak: Milanekin, Txapeldunen Liga bat, Europako Superkopa bat, Italiako lau Liga eta hiru Superkopa irabazi zituen; Real Madrilekin, bi Liga; Erromarekin, Liga bat; eta Juventusekin, bi Liga -Italiako justiziak kendu egin zizkion gero Juventusi, ustelkeriagatik-.
Capellok bere egiten du Nikolas Makiavelo herrikidearen pentsamendua; alegia, edozein bitarteko dela zilegi helburua lortzeko. Eta entrenatzaile italiarrak helburu bat besterik ez du: irabaztea. Berdin zaio ongi, erdipurdi edo gaizki jokatu. Irabaztea inporta zaio benetan. Irabazi, eta gero gerokoak.
Capellok bi oinarriren gainean eraiki du bere arrakasta: lana eta diziplina, edo, hobeto esanda, lan gogorra eta diziplina zorrotza. Eta Ingalaterrako selekzioa hori falta zuen, aurreko bi hautatzaileek, Sven Goran Erikssonek eta Steve McLarenek, ez baitzuten inoiz hartu aginte makila. Italiarrak, aldiz, lehen egunetik hartu zuen: masajista kanporatu zuen, txantxa gehiegi egiten zituelako; sakelako telefonoak ere debekatu zituen, baita orduz kanpoko bazkariak eta erosketak ere. Jokalariek berehala ulertu zuten amaitua zela bakoitza bere kasa ibiltzen zen garaia. Aspaldiko partez, nagusi bat zuten selekzioan, benetako nagusia. Burdinazko Sarjentu bat.
Sailkapen bikaina
Capellok ezarritako diziplina eta seriotasuna azkar hasi zen antzematen zelaian. Ingalaterra partidak irabazten hasi zen, eta jokalarien konfiantza handitzen: bat irabazi, bi, hiru, lau... horrela zortzi irabazi arte. Jabetu orduko, zabal-zabalik zuen Munduko Koparako bidea. Inor gutxik espero zuen horrelako lasaitasunik.
Sailkapenean proba dezente egin zituen arren, italiarrak oso garbi du zer-nolako taldea nahi duen: talde indartsua, deserosoa eta, guztiaren gainetik, sendoa. Pieza bikainak ditu horretarako, nahiz eta azken orduan horietako bat galdu: Rio Ferdinand erdiko atzelaria. Hutsune garrantzitsua da, Capello gogotik saiatu den arren, atzealdea baita ingelesen lerrorik eskasena, atea batez ere: David James espezialista da huts ikusgarriak egiten.
Atepean falta duen kalitatea soberan du zelai erdian eta aurrealdean. Zelai erdian, ikusteko dago nola moldatzen diren elkarrekin Steven Gerrard eta Frank Lampard. Haien jardunak zeresan handia izango du Ingalaterraren etorkizunean. Zer esanik ez Wayne Rooneyren golek. Aurrelariak sasoi bikaina egin du bere taldean, eta Hegoafrikan beste urrats bat egin nahi du.
Ingalaterrak, beraz, aukera ona du Capelloren aginduetara 44 urteko lehortea amaitzeko. Lehen ligaxkan zer kontrario izango dituen kontuan hartuta, harena izan behar luke lehen postuak. Gero ikusiko da.
Historian
Txapelketa. Postua.2006. 1/4
2002 . 1/4
1998. 1/8
1990. 1/2
1986 . 1/4
1982. Sailkapen fasea
1970. 1/4
1966. Txapelduna
1962. 1/4
1958. Sailkapen fasea
1954. 1/4
Sailkatzeko
Taldea. Puntuak.1. Ingalaterra. 27 puntu
2. Ukraina. 21 pt.
3. Kroazia. 20 pt.
4. Bielorrusia. 13 pt.
5. Kazakhstan. 6 pt.
6. Andorra. 0 pt.