Gutxienez, hiru jokalarik utziko dute Reala. Talde txuri-urdinak gaur jakinarazi duenez, Claudia Blanco atzelariak eta Marta Cardona eta Carla Bautista aurrelariek ez dute segituko. Lehenak urtebete bakarrik egin du Donostian. Beste biek, ordea, hiru denboraldi egin dituzte. Cardona oso jokalari garrantzitsua izan da, eta horregatik, klubak egina zion jarraitzeko eskaintza, baina aurrelariak nahiago izan du ez berritu. Bautistak, berriz, goitik behera egin du. Funtsezko jokalaria izan zen, baina garrantzia galduz joan da. Hala, denboraldi honetan Albaceten aritu da utzita. Blancok, azkenik, apenas jokatu duen.
Hiru jokalari horietako bakar bat ere ez da ariko hurrengo denboraldian Natalia Arroyo entrenatzaile berriaren aginduetara. Ikusteko dago beste jokalariren batek utziko duen taldea. Izan ere, Jokin Aperribai Realeko presidenteak onartu duenez, Nahikari Garciak esan die taldea utzi nahi duela. Aurrelariak, hala ere, beste denboraldi baterako kontratua du.