Txirrindularitza

Casar irabazle Tourrean

Esprintean aurrea hartu die Merckx, Lefevre eta Boogerd iheskideei. Bihar erabakiko da itzulia, 55,5 kilometroko erlojupekoan. Gaur Evans bigarren sailkatuak hiru segundo kendu dizkio Contador liderrari.

2007ko uztailaren 27a
17:56
Entzun
Ihesaldientzat moduko etapa zen gaurkoa Frantziako Tourrean (18.a; Cahors-Angouleme, 211 kilometro), eta halaxe gertatu da, Michael Boogerd, Laurent Lefevre, Axel Merckx eta Sandy Casar-rek 18. kilometroan alde egin eta helmugara alde handiarekin heldu direlako. Casar nagusitu da esprintean; Merckx, Lefevre eta Boogerd iritsi dira ondoren, hurrenez hurren.

Tropela, 8.34ra heldu da. Helmugako esprintean Kadel Evans sailkapen nagusiko bigarrenak hiru segundoko aldea kendu dio Alberto Contador liderrari, baita Levi Leipheimer hirugarrenari ere.

Bihar erabakiko da Tourreko aurtengo irabazlea, 19. etapan, Cognac-Angoulemen, 55,5 kilometroko erlojupekoa izango dutelako. Ibilbide laua dauka.

Alberto Contador dago aurrena sailkapen nagusian, Kadel Evans da bigarrena (1.50era), Levi Leipheimer hirugarrena (2.49ra), Carlos Sastre laugarrena (6.02ra). Tourreko 13. etapan izan zen beste erlojupeko luzea -54 kiometrokoa-, eta Evansek 1.04 kendu zion Contadorri eta 1.25 Leipheimerri.

Haimar Zubeldia bosgarren dago (6.29ra), Mikel Astarloza hamargarren (13.42ra).

Etzi bukatuko da Tourra, Parisen.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.