Bizkaitarra izan zen zezenik azkarrena, atzo, Espainiako Vueltako entzierroan. Movistar taldea izan zen onena lehen etapako taldekako erlojupekoan, eta Jonathan Castroviejo (Movistar) getxoztarrak jantzi zuen lehen elastiko gorria. Indarrak ondo neurtuta, nagusitasunez gailendu ziren Iruñeko zezen plazan. San Ferminetako entzierroen ibilbidea ziztu bizian osatu eta adarkada gogorra eman zieten gainontzeko taldeei.
Sasoiko dagoela erakutsita zen Castroviejo, Olinpiar Jokoetan maila bikainean arituta. Eta atzo jaso zuen saria. Taldearen laguntzaz lortu du lidertza, baina bera izan zen erlojupekoan lan gehien egin zuen kidea. Bakarka aritzeko duen gaitasuna baliatuz, indarrez eraman zituen taldekideak harbidetutako kaleetan zehar. Beste euskal txirrindulari bat da sailkapen nagusian hirugarrena, Beñat Intxausti bere taldekidea.
Ez zen erlojupeko luzea, 16,5 kilometroko lana, baina indarrak ondo neurtu beharra zegoen. Bukaerak gorde baitzien ezusteko bat txirrindulariei. Azken kilometroa maldan gora zen, ez gogorregia. Baina intentsitate handiko lanaren ondoren, Tourmalet ere irudituko zitzaion baten bati. Min handia egin zien aldapak talde gehienei, eta bertan irabazi zuten denbora pixka bat gainontzekoek.
Euskaltel-Euskadik, esaterako. Ohikoa den baino askoz ere saio hobea egin zuen talde laranjak, eta bederatzigarren amaitu zuen. Erlojupekoaren bigarren zatian bikain arituta, segundo batzuk irabazi zituen azken zati horretan. Aldapan behar zuen izan, nola ez, igotzailez betetako talde batekin. Igor Antonek, beraz, aukera guztiak mantendu zituen sailkapen nagusiari begira.
Berdintsu aritu ziren faborito nagusiak ere. Hiru segundoko tarte laburrean izan ziren Chris Froome (Sky), Alberto Contador (Saxo Bank) eta Joaquim Rodriguez (Katuxa). Ezer ere ez, hiru asteko itzuli gogor batean. Iruñekoa zuten lehen hitzordua, baina berdinketan amaitu zela esan daiteke. Horrekin, pozik egon daitezke gehienak.
Pozik egongo ez dena Caja Rural taldea da. Gazteluko plazatik abiatzen lehena izan zen talde nafarra. Amaitu, berriz, sailkapenaren azkenean amaitu zuen. Arropa berezia jantzi zuten, San Fermin jaiei omen egiteko: goitik behera zuria, gerriko eta zapi gorriak marraztuta zituztela. Entzierroetako korrikalarien gisan aritu ziren Iruñeko kaleetan barrena, baina adarkada mordoa jaso zuten. Hasiera kaskarrari buelta eman beharko diote orain.
Txirrindularitza. Espainiako Vuelta
Castroviejo, zezen azkarrena
Getxoztarra da Espainiako Vueltako lehen liderra, Movistarrek taldekako erlojupekoa nagusitasunez irabazi ondorenSailkapen nagusirako faboritoen arteko aldeak oso txikiak izan dira
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu