Ikuskizun greba. Italiako futbolak 60ko hamarkadan hartu zuen goitizena da catenaccio, giltzarrapoa euskaraz. Caja Laboral Baskoniaren garaipenen harira sortu da hitza taldeko zaleen artean. Garaipenak, lortu, lortzen dituelako, baina ikuskizun pobrea ematearen truke. Alegia, defentsan bikain ari dela gehienetan, aurkariaren jarduna asko mugatuz, baina era berean zuhurkeria horrekin kutsatu dela erasoan eta apenas ematen duela ikuskizunik. Caja Laboral Baskoniak 65 puntu bakarrik sartzea ez delako normala... Bilbon ere giltzarrapoak kateatuta dabiltza, etxetik urrun irabazi ezinda eta amorratzen hasita. Garaipen batek dena konponduko duelakoan daude, burukoa baita gaitza, baina partida zailak dituzte aste honetan: Caja Laboral Baskonia Gasteizen eta Cajasol datorren larunbatean. Illunben, eserlekuetara kateatuta egon ziren zaleak azken segundora arte, minutu batzuk lehenago jauzika eta dantzan ibili baziren ere. Azken minutuetako erabaki kaskarrek ez zioten kalterik eragin, baina arazo larria diren neurrian, lehenbailehen konpondu behar dira.
Grisa. Batzuentzat, nortasunari bizkar ematea da. Besteentzat, emaitzari, garaipenari ematea lehentasuna. Ivanovicen azalpenak bide horretatik doaz: «Ligako sei partidetatik bost irabazi dituen aurkari bat geneukan parean, eta ez dakit ze espero zuen jendeak, 40 punturen aldearekin irabaziko genuela agian. Partida zaila zen, eta sufritu egin dugu, baina aurrera atera dugu partida. Ni konforme nago». Caja Laboral Baskoniari jarraitzen dion prentsan beste bide batetik doaz iritziak. Erasoan antzututa dabilela taldea, eta defentsako lan onak ez duela erasoko ezina ezkutatzen. Hilabete eta erdi da liga hasi zenetik, eta gertatzen dena ez da kasualitatea. Defentsarako taldea dauka sasoi honetan Caja Laboralek, eta gustura dago entrenatzailea. Jakina, erasoan hobeto jokatzeko lana egingo du, baina taldearen martxak ez du itxaropenerako aukerarik uzten: Teletovic, San Emeterio eta Oleson bakarrik dira makuluak, eta gorabeheratsu ari dira Pau Ribas, Prigioni eta Kevin Seraphin. Nemanja eta Milko Bjelica, Heurtel eta Reggie Williams Gasteizen daude, baino ez baleude bezala, eta Joey Dorsey, agertu nahian. Nahikoa ote? Denborak esango du.
Buruko mina. Burua omen dute kaltetua Bilbo Basketeko jokalariek. Katsikarisen esana da, «taktikan eta fisiko aldetik ez baitaukagu zer hobetu». Kanaria Handiaren aurka galdu ondoren esan zuen, etxetik urrun jarraian seigarren partida galdu ostean. Garaipen bakar batek jokalarien animo apala aldatuko omen du, baina non irabazi partida hori? Gasteizen? Atenasen? Fuenlabradan? Etxetik kanpoan jokatu beharreko partidez ari gara. Buruko indarra oso garrantzitsua da, baina Bilbo Basketek beste arazo batzuk ere baditu. Aaron Jacksonen ezina, adibidez. Eta taldeak hirukoak jaurtitzeko duen gehiegizko joera, jokaldia amaitu eta beste aukerarik ez daukalako. Eta puntu bateko jaurtiketetan erdietan bakarrik asmatzea... Mugitu dira, behintzat: Damir Krupalija fitxatu dute Hervelleren lesioa osatu bitartean.
Lanean jarraitu behar da. Sei postu igo da kolpetik Lagun Aro, eta garaipen bakarrarekin. Pentsa zenbat igo daitekeen partida pare bat irabazten badu. Kontua da aski zaila dirudiela segidan bizpahiru partida irabaztea, donostiarrek duten egutegi zailari begiratua emanda. Real Madril igandean, Alacant etxean eta Caja Laboral Baskoniari bisita astebete geroago. Pablo Lasoren taldeak hankapean ibili zuen Unicaja igandean, baina Sito Alonsoren taldeak garesti saldu ditu porrot guztiak. Madrilen irabazteak utopia dirudi, baina taldearen norabidea alda dezake guztiz. Alonsok lanerako grina handia du, baina nola egingo ote du scouting-a? Rudy Fernandez eta Ibakarekin, edo haiek gabe? NBAko lock-out-a aste honetan buka daiteke....
Zonakako defentsa
'Catenaccio'
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu