Mark Cavendishentzat (Omega) amaiera egoki-egokia zeukan prest Suitzako Itzuliko bosgarren etapak, baina erorketa izan da azken 300 metroetan sartuta, eta, besteak beste, hankaz gora joan da Omegako britainiarra.
Erorketak ezerezean utzi ditu kokapen lan guztiak, eta Peter Sagan (Cannondale) eta Sacha Modoloren (Lampre) arteko lehiara mugatu da garaipenaren lehia. Goizegi ekin dio esprintari eslovakiarrak, eta, azkenerako, oso eroso lortu du garaipena Modolok. Epaileek ez dituzte kontuan hartu erorketaren eraginez sortu diren aldeak, eta Tony Martinek (Omega) jarraitzen du lider, beste egun batez.
Alemaniarrak lan zailagoak izango ditu bihar, Bueren eta Delemont artean, gogor samarra delako seigarren etapa. Lehen mailako mendate bat, bigarren mailako bi eta hirugarren mailako beste bat igo beharko dituzte txirrindulariek, azken hori helmugara iristeko hamabi kilometro eskas faltako direnean.