Txirrindularitza. Frantziako Tourra

Cavendish izeneko suziria

Esprintak erabaki du 18. etapa, eta ez du aurkaririk izan Man uhartekoak, ziztu bizian helmugaratu baita; Tourreko 22. garaipena du

Cavendish izeneko suziria.
jon eskudero
2012ko uztailaren 21a
00:00
Entzun
Euskal Herriko hainbat eta hainbat herri festa giroan murgildurik daude egunotan, bertako jaien aitzakian. Jakina da halakoetan ez dela suziririk falta izaten. Ekitaldi bat hasteko baliatzen da batzuetan; zezenak plaza barrura ateratzeko, besteetan... Bada, Frantziako Tourra bera ez dago herri horien inbidiatan egoteko moduan, suziri bat badago eta tropelean: Mark Cavendish (Sky). A zer nolako esprinta egin zuen atzo Man uhartekoak, Tourreko hemezortzigarren etapan. Kea botatzea soilik falta izan zitzaion suziri baten pare egoteko. Helmugarako 300 metro falta zirela geratu zen taldekiderik gabe, eta orduantxe azkartu zuen erritmoa. Nola azkartu ere. Haren aurretik zihoazenak irentsi egin zituen, eta gainontzeko esprinterrek ez zioten usainik hartu ere egin. Harrigarria izan zen bizikleta gainean eraman zuen abiadura. Aurtengo Tourreko bigarren garaipena lortu zuen, eta, beste behin, munduko azkarrena dela erakutsi.

Hala begiratuta, badirudi aise nagusitu zela Cavendish helmugan. Eta esprintari dagokionez halaxe izan zen, baina hainbat txirrindulari ezustekoa emateko zorian izan ziren. Tropeletik alde egindako txirrindulariak, hain zuzen ere. Sekula baino gehiago kosta zen hasieran eguneko ihesaldia osatzen. Sei ziklista ahalegindu ziren lehenik, artean Ruben Perez (Euskaltel-Euskadi). Tropelarekiko minutu baten aldea ere lortu zuten, baina denek egon nahi izan zuten aurrean, eta ezerezean geratu zen ihesaldi hori. Ondoren presarik gabe jokatu zuten denek. Izan ere, atzoko etapa 222,5 kilometrokoa zen, eta bazegoen nahiko beta etapa garaipenaren bila joateko.

66. kilometroan sortu zen berriz zalaparta tropelean. Ihesaldi saioak bata bestearen atzetik izan ziren, eta azkenean hamasei txirrindulariko taldea osatu zen aurrean. Izen handiko hainbat sartu ziren, gainera: Alexandre Vinokurov (Astana), Michael Albasini (Greenedge), Edvald Boasson Hagen (Sky)... Azken hori izan zen Bradley Wiggins liderraren taldearen apustu nagusia, eta, horregatik, atzean ez zuen lanik egin Skyk.

Euskaltel lanean, alferrik

Bazirudien ihesaldi horrek erabakiko zuela garailearen izena, baina ez. Atzean lanari ekin zioten hainbat taldek. Artean, Euskaltel-Euskadik. Aurreko ihesaldian Ruben Perez zegoen, baina inork ez zion aurrera jarraitzeko baimenik eman. Horregatik, mendeku gisa aritu zen lanean talde laranja, Cofidisekin eta Saur-Sojasunekin batera. Horien pedal kolpeei esker, hamasei txirrindulariek ez zuten alde handirik ireki, eta esprintean amaitu zen lehia. Dena den, soilik mendekuagatik merezi izan al zion Euskalteli lanean aritzeak? Gorka Izagirre jo eta su aritu zen, esaterako, eta, bezperako nekeak kontuan edukita, indarrak alferrik ahitu zituen.

Euskaltelen lana esprinterren taldeek baliatu zuten bukaeran. Vinokurovek buruhauste franko sortu zion tropelari, hamar segundoren bueltan aurretik ibili zelako. Azken Tourra du, eta, gogotik saiatu arren, garaipenik gabe esango dio agur. Haren ametsa bukatu zenean, Luis Leon Sanchezek (Rabobank) jo zuen erasoa, helmugarako sei kilometro falta zirela. Atzetik Andreas Kloedenek (RadioShack) jarraitu zion. Eraso bortitza izan zen, eta hamabi segundoren aldea ere eduki zuten azken bi kilometroetan. Liquigasek eta Skyk hartu zuten atzean erantzukizuna, baina nekez lortu zuten aldea murriztea.

Gaur, erlojupekoa

Wigginsek atera zituen babak eltzetik. Maillot horia soinean zeramala ahaztu, eta Cavendishi esprinta bideratu zion. Abiadura izugarriaren ondorioz, tropela zatitu egin zen. Esprinterrak, hori bai, aurrean elkartu ziren. Bada, atzo Cavendishen eguna zen, eta ez zion inori ezertarako aukerarik eman. Azkar asko jan zituen Luis Leon Sanchez eta Kloeden, eta garaipenak ez zion ihes egin. Tokitan geratu ziren Peter Sagan (Liquigas) eta Matthew Goss (Greenedge). Tour denak kontuan hartuta, 22. garaipena lortu zuen.

Gaur erlojupekoan hobekien moldatzen direnek izango dute irabazteko aukera. 53,5 kilometroko erlojupekoa dago, eta Wiggins eta Chistopher Froome (Sky) dira faboritoak. Podiumean ez du mugimendurik eragingo, baina hortik atzera akaso bai. Haimar Zubeldiaren (RadioShack) helburua zazpigarren postuari eustea da.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.