Atseden egunaren ondoren etapa erosoa. Ihesaldia, esprinterren taldeen lana, haize pixka bat, kontrol lana, helmugara iristeko sei kilometro faltan aurreko boskotea harrapatu, eta esprinta. Xehetasun askorik gabe, horixe eman du Frantziako Tourreko 10. etapak. Baina xehetasunetan egon da gakoa. Etapa hastearekin batera joan dira ihesean Juanjo Oroz (Euskaltel-Euskadi), Jerome Cousin (Europcar), Luis Angel Mate (Cofidis), Lieuwe Westra (Vacansoleil) eta Julien Simon (Sojasun), eta tropelak une oro kontrolpean eduki du ihesaldia. Haizeak sartu-irtena egin du etapan, eta adi-adi ibili dira faboritoen taldeak, tropelaren aurrealdean jarrita. Baina helmugara iristeko sei kilometro falta zirela geratu da, azkenean, ezerezean aurrekoen ahalegina.
Lottok bideratu du ondoen esprinta, Andre Greipelen mesedetan, baina 225 metro falta zirela iritsi da eguneko akzioa. Mark Cavendishek (Omega), ezinak jota, hankaz gora bota du Tom Veelers (Argos), Marcel Kittelen esprint bideratzailea, eta horrek erabat desorekatu du esprinta. Buruarekin ezetz eginez helmugaratu da Cavendish, Kittelen garaipenari urrutitik begira. Greipeli, Cavendishi berari eta Peter Sagani (Cannondale) hartu die aurrea Kittelek, baina ikusi egin beharko da epaileek zer erabakitzen duten, litekeena delako Omegakoak zigor handi samarra jasotzea. Maillot berdea eskuratzeko puntu asko daude jokoan. Sailkapen nagusian ez da aldaketarik izan, eta Chris Froome (Sky) abiatuko da bihar liderraren maillotarekin. 33 kilometro bakarkako erlojupekoari egin beharko diote aurre bihar, etapa erabakigarrian.