Mark Cavendishek irabazi du gaur arratsaldean Frantziako Tourreko zortzigarren etapa: Figeac-Tolosa (172,5 kilometro). Okzitaniako lurretan euripean helmugaratu dira txirrindulariak, tropelean. Columbia taldeko txirrindulariaren bigarren garaipena izan da gaurkoa, eta lau ordu, bi minutu eta 54 segundotan burutu du lasterketa. Bigarren postuan G. Ciolek sartu da, Jimmy Casperrekin batera.
Txurrukak eta Pineauk ihesaldiari ekin diote helmugatik 13 kilometrora, eta gehienez 40 segundoko aldea izan dute, baina bukaerarako lau kilometro geratzen zitzaizkiela, tropelak irentsi egin ditu.
Kim Kirchenek segitzen du lider, eta sailkapen nagusian ez da aldaketa handirik gertatu. Cadel Evansek jarraitzen du bigarren, sei segundora, eta Stefan Schumacherrek hirugarren lekua atxikitzen du, liderrarengandik 16 segundora.
Bihar korrituko dute bederatzigarren etapa, Pirinioetako aurrena: Tolosa-Bagneres de Bigorre (224 kilometro). Oso etapa menditsua izango da: hasieran laugarren mailako lau mendate edukiko dituzte, gero hirugarrengo bat, eta ondoren lehen mailako bi -Peyresourde 116,5. kilometroan eta Aspin 198.ean-.
Astelehenean, berriz, Paue-Hautacam izango dute, 156 kilometrokoa. Mailako bereziko bi mendate izango dituzte bukaeran: Tourmalet -106. kilometroan- eta Hautacam bera -helmugan-.
Hilaren 27an bukatuko da Tourra.
Txirrindularitza
Cavendishek bere bigarren garaipena lortu du Tourrean
Columbia taldeko txirrindularia esprintean nagusitu da Okzitaniako Tolosan, euripean. Bigarrena Ciolek izan da, eta Casper sartu da hirugarren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu