Mont Saint Michel eta Utah Beach artean, derrigorrean zeukan agertu beharra haizeak. Eta agertu da. Baina haizeak ez, tentsioak eragin du triskantza tropelean. Erorikoei ihesean ibiltzen dira txirrindulariak itzuli handien lehen astean, baina aldrebes samarra izan da lehen etapa. 80 kilometro falta zirela izan da lehen eroriko larria, eta lasterketa irabazteko faboritoetako bat joan da hankaz gora: Alberto Contador (Tinkoff). Eskuin sorbaldan kolpe handia hartu du espainiarrak, eta probak egitera joan da ospitalera. Azken esprintean, berriz, Michael Morkov (Katuxa) joan da hankaz gora, eta beste hainbat txirrindulari ere erori dira haren atzetik, Edvald Boasson Hagen (Dimension Data) eta Michael Matthews (Orica) tartean.
Tentsio horretan, Peter Saganek (Tinkoff) ekin dio esprintari, urrutitik, baina Mark Cavendishek (Dimension Data) atzetik aurrerako saioa egin du, Marcel Kitteli (Etixx) eta Sagani berari aurrea hartuta. Tourreko 27. garaipenarekin, lehen aldiz jantzi du liderraren maillota. Saint Lo eta Cherbourg en Cotentin artean bigarren etapa jokatuko dute bihar, 183 kilometrokoa. La Glacerie hirugarren mailako mendatea igo beharko dute helmugarako bidean: 1,9 kilometro eta %6,5eko batez besteko aldapa dauka.