Txirrindularitza

Cavendishen laugarrena

Etapa luze baten ostean, esprintak erabaki du Tourreko 14. etapa, eta britainiarrak aise garaitu ditu guztiak Villars-les-Dombesko helmugan. Dagoeneko 30 garaipen pilatu ditu Tourrean.

Mark Cavendish amorru keinua eginez, aurtengo Tourreko etapa batean. KIM LUDBROOK / EFE
jon eskudero
2016ko uztailaren 16a
18:00
Entzun

Marka da gero, baina aurtengo Frantziako Tourrean ez dago esprintean Mark Cavendish (Dimension Data) mendean hartuko duenik. Lehendik beste hiru garaipen zituen pilatuak, eta gaur laugarrenez altxatu ditu bi besoak helmugan britainiarrak. Ondo merezita, gainera. Iragarrita zegoen moduan, esprintak erabaki du lasterketa, eta garaileak ez du aurkaririk izan. Etixxek ondo bideratu du Marcel Kittel, baina indarrez justu geratu da, eta haren gurpilari segika zetorren Cavendishek aise garaitu ditu guztiak. Egia da azken unean mugimendu pare bat izan dituela; hori ikusita, Etixxek helegitea jarri du, baina epaileek Cavendish jo dute garaile.

Etapa oso joan da luze, 208,5 kilometrokoa baitzen, eta lau lagunek osatu dute eguneko ihesaldia: Jeremy Royk (FDJ), Alex Howesek (Cannondale), Martin Elmigerrek (IAM) eta Cesare Bebedittik (Bora). Tropelak ez du erritmo bizirik jarri, baina une oro kontrolpean izan du ihesaldia, eta helmugarako 3 kilometro falta zirela amaitu da iheslarien ametsa. Roy eta Elmiger aritu dira bukaeran jo eta su. Azken kilometroetan abiada bizian joan da lasterketa, eta Cavendishek markak hausten jarraitzen du.

Dagoeneko 30 garaipen ditu Frantziako Tourrean, eta gero eta gertuago du Eddy Merckxen marka. Hark 34 garaipen pilatu zituen. Faboritoen artean ez da aldaketarik izan, eta Chris Froomek jarraituko du lidergoan.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.