Esprinta eta beste ezer askorik ez. Horixe zen gaurko etaparen menua, baina hankaz gora joan dira aurreikuspen guztiak. Euriak eta haizeteak eraginda, behar baino 25 minutu geroago hasi da etapa, eta ihesaldia helmugara irits zitekeela zirudienean, Bradley Wigginsen (Sky) ezinak utzi du ezerezean Felline (Androni), Belkov (Katuxa), De Backer (Argos), Marcato eta Lammertinken (Vacansoleil) ahalegina. Hiru minutu ingurukoa zen aldea helmugara iristeko 30 kilometro eskas falta zirenean, eta Omegak ezin zuen aldea murriztu. Baina Montello Santa María de la Vittoria mendatean behera ezinean geratu da Wiggins, eta talde asko hasi dira tropeletik tiraka. Une batzuetan bakar-bakarrik ere geratu da britainiarra, erabat etsita, eta hiru minututik gora galdu ditu azkenean.
Tropelak 300 metro falta zirenean harrapatu du aurreko bostekoa, ordurako esprinta ondo bideratuta zegoela. Eta esprintean, beste behin, Mark Cavendish (Omega) izan da indartsuena, Nacer Bouhanniri (Francaise) aurrea hartuta. 103 garaipen pilatu ditu jada Man uhartekoak profesionaletan. Wigginsen ezinaren eraginez, zortzigarren jarri da Beñat Intxausti (Movistar), Vincenzo Nibalirengandik (Astana) 4.05era.